Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zuhaitz

iz. Enbor zuzen eta zilindro formakoa duten landare iraunkor zurtsuei ematen zaien izena. Zuhaitz onak itzal ona. Zer gerta ere, zuhaitz handi bati hurbildu nintzen lastersko.  v  Bot. Hiru parte nagusi bereizten dira zuhaitzetan; sustraiak, enborra eta adarrak edo burua (batzuetan adarrez osatua izan ordez hostoz soilik osatua dena). Landareen sailkapen modernoan zuhaitzek ez dute klase berezi bat osatzen; gehienak angiospermoak dira, baina badira pteridofitoak eta gimnospermoak ere. Espora, lore eta fruitu bidez (pinaburuak, etab.) ugaltzen dira; sustraien bidez ura eta elikagaiak hartzen dituzte; enborrak ugalketa organoei eusten diete eta enborreko hodietatik iristen dira elikagaiak eta ura zuhaitzaren gainerako ataletara. Haztea zelula berriak sortzean (meristema ehunean zelula zatiketa gertatzean) edo cambiumeko zelula zaharrak handitzean gertatzen da; zuhaitz koniferoen edo kotiledoi bikoen enborrean zeharreko epaia egiten denean eraztunak ageri dira enborrean, eta eraztun kopuruak zuhaitzaren adina adierazten du. Oro har urteko 760 mm euri ur baino gehiago izaten den herrialdeetan bizi dira, baina badira basamortuko klimara egokitu diren zuhaitz motak. Zuhaitzak garrantzi handiko landareak dira haietatik ateratzen den zuragatik eta fruituengatik, batez ere; horrez gainera eguratsa garbitzen laguntzen dute, fotosintesiaren bidez karbono dioxidoa hartu eta oxigenoa sortzen baitute, eta ingurunea hezetzeko eta sustraien bidez uholdeak eta higadura murrizteko ahalmena dute. Lurreko zuhaitz garaienak Ozeano Bareko kostaldean dira (105-150 m ingurukoak) eta ezagutzen den zaharrena Nevadako Pinus aristata pinua da, orain dela 4.600 urtekoa. || Hed. Zuhaitzaren antzeko forma duen egitura, irudia, etab. || Hizkl. Esaldiaren egitura adierazteko egiten den diagrama, esaldiaren osagaiak sintagmen egitura legeen arabera adierazten dituena. || Arnasketa zuhaitza. Anat. Sabelaldearen goitik beherako epaia eginik, bronkioek eta trakeak osatzen duten egitura. || Bizitzaren zuhaitza. Zerebeloan gai grisak gai zurian duen adarkadura. || Mek. Biraketa mugimendua jasotzen edo transmititzen duen ardatza. || Genealogia zuhaitza. ik. genealogia.