Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zoo (parke zoologikoa)

iz. Animalia biziak, piztiak gehienetan, erakusteko edota ikertzeko izaten den parke pribatua nahiz publikoa. Zooetan bizi diren animalia gehienak beren ingurunean harrapatuak izaten dira, baina zooan bertan jaioak ere badira. Gaur egungo joera animaliak berezko habitatak imitatzen dituzten lekuetan erakustea da, kaiolak erabili ordez. Bestalde, badira safari park deituriko zoo modernoak, animaliak oso eremu zabaletan itxiak dituztenak, bisitariak autotik ikusten dituztela. Zoo horiek garrantzizkoak izan daitezke animalia bitxiak edo galtzeko arriskuan daudenak hazteko. Izan ere, zoo modernoen kudeatzaile diren elkarte zoologikoen lehen helburua animalien eta haien bizimoduaren ikerketa da, eta, Bigarren Mundu Gerraz geroztik bereziki, zoo batzuek hazkunde guneak antolatu dituzte. Hala, badira mota batzuk, Europako bisontea, orein batzuk eta hegazti asko, esaterako, azken urteotan zooetan salbatu direnak.  v  Animaliak harrapatu eta gordetzea, ikuskizunetarako gehienetan, oso antzinako ohitura da, eta errege eta enperadore askok izan dituzte animalia bilduma handiak: antzinako Egipton badira halakoen arrastoak; Bibliako Salomon erregeak piztia asko zituen, Erromako inperioan ere baziren zoo modukoak; Kolonen aurreko Mexikon Hernan Cortesek animalia parke handi bat aurkitu zuen. Zoo modernoak 1752an hasi zirela esan daiteke, Vienako Schönbrunn jauregian. 1775an sortu zen Madrilen zooa Errege Parkean, eta hemezortzi urte geroago sortu zen Parisko Jardin des Plantes. Londresko Zoological Society-k 1882an ezarri zuen bere bilduma Regents’s Park-en, munduko hoberena eta eraginkorrenetakoa izan dena.