Zimbabwe
(Izen ofiziala, Zimbabweko Errepublika; Ing., Republic of Zimbabwe). Afrikako hegoaldeko estatua. 390.759 km2 eta 11.350.111 biztanle (2008, zimbabwearrak). Mugak: iparraldean, Zambia; ipar-ekialdean eta ekialdean, Mozambike; hegoaldean, Hegoafrika; hego-mendebaldean eta mendebaldean, Botswana. Hiriburua: Harare. Hiri nagusiak: Bulawayo, Chitungwiza, Gweru, Mutare. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Erlijioa: protestanteak, % 17,5; bertako eliza kristaua, % 13,6; katolikoak, % 11,7; animismoa, % 40,4; besteak, % 14,8. Etniak: shona hizkuntzako bantuak, % 70,8; ndebele hizkuntzako bantuak, % 15,8; europarrak, % 2; asiarrak, % 0,1; besteak, % 0,3. Dirua: Zimbabweko dolarra. v Orografia eta hidrografia. Ehun bat kilometro zabaleko eta 1.200-1.500 m garaierako mendilerro batek (Highveld) zeharkatzen du lurraldea hego-mendebaletik ipar-ekialdera; Inyangani mendian du gailurra (2.593 m), ipar-ekialdean, Mozambiketik hurbil. Lurraldeko ardatz horren bi aldeak 900-1.200 m bitarteko garaiera duen goi-ordoki zabala dira (Middle Veld), lurraldearen erdia hartzen duena. Goi-ordokiaren ipar-mendebaleko eta hego-ekialdeko muturreko alderdiek (Lowveld) 300 m-ko garaiera dute eta lurraldearen laurdena hartzen dute. Zanbezi ibaiak ipar-mendebaleko muga egiten du Zambiarekin. 1959an ibai horretan egin zen urtegi handiak munduko aintzira artifizal handienetako bat eratu du, Kariba aintzira (5.200 km2). Highveld ura Zanbezi ibaiaren arroara edo Linpopo eta Sabi ibaienetara isurtzen duten ibaien banalerro da. Lurraldeko ur gehiena hiru ibai horiek daramate, Mozambiken zehar, Indiako Ozeanoraino. v Klima eta landaredia. Klima subtropikal epela du Zimbabwek. Uztaila du hilabeterik hotzena (14 °C) eta urria beroena (22 °C). Urritik apirilera Indiako Ozeanoko montzoiak euria ekartzen du; euri gehiago egiten du ipar-ekialdean (1.400 mm) hego-mendebalean (400 mm) baino. Sabanako motako landarediak estaltzen du ia lurralde osoa. ■ Biztanleak. Zimbabweko lehenengo biztanleak boskimanoak ziren eta ehizean eta fruituak biltzen aritzen ziren. Mendeetan zehar bantuak nagusitu zitzaizkien, iparraldetik etorriak, eta haiek burdinaren erabilera eta nekazaritza ekarri zuten beraiekin. Bi etnia nagusi daude gaur egun Zimbabwen, shona (% 70) eta ndebele (% 16) leinukoak. Zuriak biztanleriaren % 2 dira. Lau biztanletatik hiru herrixketan bizi dira. Ingelesa da hizkuntza ofiziala; shona eta ndebele hizkuntzak bantu familiako hizkuntzak dira. Erlijioz biztanleriaren erdia gutxi gorabehera kristaua da, eta gainerakoak animistak eta musulmanak. Heriotza tasa handia izanagatik (% 10,3) biztanleria bizkor ari da ugaltzen (% 31,4), eta 23 urte barru bikoiztu egingo da, jaiotza tasa ere oso handia baita (% 41,7). Osasun egoera eta gizarte laguntzaren babesa garapen bidean dagoen herrialde batenak dira. Haurren heriotza tasa oso handia da (% 67). Zimbabwearren batez besteko bizi itxaropena 58 urtekoa da gizonezkoentzat eta 61 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntza hiru mailatan banatuta dago eta doakoa da, baina lehen mailako ikasketak ez dira nahitaezkoak eta biztanleen % 25 gutxi gorabehera alfabetatu gabe dago. ■ Ekonomia. Zimbabwe aberatsa da nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokionez, eta baita mea baliabideei dagokionez ere, baina lurpean ez du ez petroliorik ez gas naturalik. Merkataritzarako auzokoen eta itsas portuen mende dagoen herrialdea da. Urrearen aurkikuntzaren ondorioz hasi zen kolonizazioa, XIX. mendean. Zimbabweko nekazaritzaren garapena lurraren jabetzak baldintzatu du. 1969an afrikar erreserbetan biztanle beltzen % 60 bizi zen 176.000 km2-etan, europarren 6.000 baserriek, berriz, 168.000 km2 hartzen zituzten. 1980an Robert Mugabe presidenteak nekazaritza erreformak jarri zituen abian lurrak afrikarren artean banatzeko. Erreforma horiek, ordea, aurrez aurre izan zituzten europar baserritarrak, eta gainera beldurra zegoen nekazaritzaren ekoizpena jaitsiko ote zen, nahiz eta egin ziren hainbat ikerketaren arabera baserri txikietako ekoizpena lau aldiz handiagoa izango zen. 1990ean 52.000 afrikar familia zeuden europar baserritarrei lurra erosita. Gobernuak, ordea, aurreikusita zuen 1985. urterako 162.000 familia izango zirela lur haien jabe. 1997an gobernuak azaldu zuen 1.500 baserritar zurien lurrak nazionalizatzeko asmoa zuela afrikar nekazarien mesedetan. Mugabe presidentearen iritziz, Britainia Handiko gobernuak eman behar zien europar jabeei lur haien ordaina. Berrikuntza haien aldeko apustua izugarria zen, izan ere, 1990ko hamarraldiaren hasiera arte Zimbaweko ekoizpenaren % 60 europar merkataritza baserrietan (4.500 baserri) sortzen baitzen. 1994an nekazaritzak langileen % 68 hartzen zuen, baina lehorte aldi handiak izan ziren eta ekoizpenak gorabehera handiak izan zituen, 1992an batez ere. Gai nagusiak artoa (beltzen elikagai nagusia) eta tabakoa (gehiena esportatu egiten da) dira. Beste nekazaritza gaiak kotoia (27.000 tona esportatu ziren 1995ean) eta azukre kanabera (160.000 tona azukre esportatu ziren 1995ean) dira. Abeltzaintzak ere garrantzi handia du: 4 milioi behi buru eta 2,5 milioi ahuntz buru ziren 1993an. Zimbawe, 1985. urteaz geroztik, Europara haragia esporta dezakeen afrikar herrialde bakarretakoa da. Mea baliabideei dagokionez, munduko kromo ekoizle nagusietako bat da Zimbawe. Hala ere, kromo mearen ekoizpena asko jaitsi da, batez ere, errusiar mearen prezioaren jaitsieragatik. Gaur egun, urrea da mea baliabide nagusia. Nikela, ikatza, kobrea eta burdina ere ustiatzen dira. Meatzaritzaren sektorea nazioarteko elkarteen mende dago erabat. Zimbawen industriak garrantzi handia du, eta errenta nazionalean nekazaritzaren eta meatzaritzaren aurretik dago. Industria ekonomia zigorren garaian bilakatu zen batez ere, NBEak Ian Smith-en erregimen errebeldeari 1965. urtetik 1970ra bitartean jarri zizkienak. Industriak (ehungintza, elikagaiak, metalurgia gaiak, garraiorako materiala eta armak) BPGren % 30 hartzen zuen 1992 eta 1993. urteetan; urte horietan nekazaritzak % 15 hartzen zuen eta meatzaritzak % 6. 1993an 185.000 lagun ziharduten industrian lanean, nekazaritzan 317.000 eta meatzaritzan 47.000. Rhodesia-Nyassaland federazioaren garaian (1953-1963), urtegi izugarri bat eraiki zen Victoria ur-jauzien azpian, Zambeze ibaian. Ibaiaren bi aldeetara zentral hidroelektrikoak eraiki ziren, bat Zambian eta bestea Zimbawen. 1989. urtea arte Zambiak elektrizitatea esportatzen zion Zimbaweri. 1991n hitzarmen bat izenpetu zuten bi herrialdeek beren politika energetikoak koordinatzeko. Zimbaweko ekonomiaren egoerak beherantz egin zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. 1993an inflazioa % 50ekoa izan zen, 1994an, berriz, % 21ekoa. Emaitza horietara iristeko gobernuak zergak igo behar izan zituen eta dirua debaluatu. Egoera hori Nazioarteko Diru Funtsaren erantzukizuna zela azaldu zuen estatu buruak, erakunde hark ezarri zituen neurriak zirela-eta; neurri haiek prezioen kontrolaren liberalizazioa eta funtzionario kopuruaren murrizketa lortzera bideratuak ziren. 1995eko irailean, Zimbawek hartu zituen neurriak aski ez zirela pentsaturik, Nazioarteko Diru Funtsak erabaki zuen diru laguntzak bertan behera uztea. 1995. urtearen hasieran, inflazioa % 23koa zen. 1996an aurrekontuaren defizitak BPGren % 10 hartzen zuen eta 1996-1997 bitarteko aurrekontuan hainbat enpresaren pribatizazioa bizkortzea aurreikusten zen. 1997. urtearen amaieran Zimbaweko dolarra jaitsi egin zen eta horrek oinarrizko gaien igoera ekarri zuen; kapitalak herrialdetik atera ez zitezen Finantza ministroak interes tasa % 28,5ean jarri zuen. 1998an langabezia tasa % 45ekoa zen. Zailtasun ekonomiko horiek guztiek gizarte tirabira ugari sortu zituzten. 1996an funtzionarioek hainbat asteko greba egin zuten, eta gobernuak % 29 igo zizkien soldatak, baina neurri hori gobernuaren asmoen erabat bestelakoa zen. Bestalde, hainbat eskandalu ekonomiko gertatu ziren bata bestearen atzetik, eta giroa erabat nahastu zen. ■ Historia. Gaur egungo Zimbabweko lehenengo biztanleak boskimanak ziren. Dirudienez, K.o. VIII. mendearen inguruan, bantu leinuko shonak sartu ziren, eta lurraldeko kobrea eta urrea ustiatu zituzten. IX. mendean Zimbabwe edo Zimbabwe Handia deituaren harrizko lehen eraikinak egin ziren. Hura izan zen XV. mendean shona leinukoek sortu zuten Monomotapako inperio handiaren erdigunea, kostaldeko portugaldarrekin merkataritza harremanak izan zituena. Urre, boli eta kotoiaren salerosketaren bitartez portugaldarrak inperioko nagusi izatera iritsi ziren, baina XVII. mendearen bukaeran rozwi etniak shonen inperioa menderatu eta portugaldarrak handik kanpora eman zituen. Kostaldeko europarrekin merkataritza harremanak izaten jarraitu bazuten ere, urre meategi asko itxi zituzten, portugaldarren hedapena metal bitxi hari egozten baitzioten. XIX. mendearen hasieran zuluen buruzagi Txakarengandik ihes zihoazen leinu batzuk iritsi ziren Zimbabwera. Horien artean boerrek Transvaaletik egotzi zituzten ndebeleak, gudari eta abeltzainak, nagusitu ziren. Ndebeleek zuluek bezalako estatua antolatu zuten, mea ustiaketaren ordez nekazaritza bultzatu zuten, eta erasoak eta lapurretak egin zituzten lurraldean barrena. Bien bitartean, mende horretan zehar, britainiar eta holandar esploratzaileak, ehiztariak eta abenturazaleak ibili ziren lurraldean, Hegoafrikatik abiatuta gehienak. 1889an Cecil Rhodes kolonizatzaileak Afrikako Hegoaldeko Britainiar Konpainia sortu zuen lurraldearen kolonizazioa eta baliabide ekonomikoen ustiaketa bideratzeko. Hurrengo urtean konpainia horretako espedizio batek Salisbury (gaur egun Harare) sortu zuen. 1895ean konpainiaren administraziopeko lurraldeari Rhodesia deitu zitzaion, eta 1897an konpainia lurraldearen jabe egin zen. Urte horietan ndebeleak, shonen laguntzarekin, britainiarren aurka matxinatu ziren, baina menderatuak izan ziren. Jende asko joan zen Europatik Rhodesiara, urre hobiek erakatarrita hasieran, eta, geroago, etxalde handiak sortzera. Kolono zuriek Afrikako Hegoaldeko Batasunari lotzeari uko egin ondoren, 1923ko irailean Britainia Handiko kolonia bihurtu zen Hego Rhodesia, nolabaiteko autogobernuarekin. Hurrengo urteetan herrialdeak aurrerapen ekonomiko handia egin zuen eta, Bigarren Mundu Gerran batez ere, europar gehiago iritsi ziren. 1953-1963 urteetan Hego Rhodesia federazio batean elkartu zen Ipar Rhodesia (Zambia) eta Nyasalandiarekin (Malawi). Bien bitartean afrikarren abertzaletasuna gero eta sendoagoa egin zen, bi alderditan banatua egon arren: Zimbabweko Afrikar Nazioaren Batasuna (ZANU, Robert Mugabe buruzagiaren gidaritzapean) eta Zimbabweko Afrikar Herri Batasuna (ZAPU, Joshua Nkomo buruzagiaren gidaritzapean). 1963an, federazioa desegin zenean, Britainia Handiak Nyasalandiaren eta Ipar Rhodesiaren burujabetasuna onartu zuen, baina ez Hego Rhodesiarena, zurien eskubideak baizik ez zirelako han ezagutzen. Horren aurrean, 1965ean, Ian Smith koloniako Lehen ministroak lurraldearen burujabetasuna aldarrikatu zuen. 1970eko konstituzioak Rhodesiako Errepublika onartu zuen, baina Nazio Batuek eta Britainia Handiak ez zuten errepublika ezagutu eta auzo herriek, Hegoafrikak izan ezik, blokeoa ezarri zioten. Blokeoak eta gerrillarien erasoek beltzekin negoziatzera behartu zuten Ian Smith. 1979an zuriez eta beltzez osatutako gobernua eratu zuen eta hauteskundeak antolatu zituen 1980an. 1980ko otsaileko hauteskundeetan ZANU-ko R. Mugabek botoen % 63,9 izan zituen, eta J. Nkomok botoen % 24. Smithen alderdiak eskuratu zituen zuriek Legebiltzarrean zituzten 20 aulkiak. Urte bereko apirilaren 18an herrialdeak, «Zimbabweko Errepublika» deitura berriaz, burujabetasuna erdietsi zuen. Koalizio gobernu bat egin zen R. Mugabe Lehen ministro eta J. Nkomo Barne ministro zituena. Mugabe herrialdea aurrera bidean jartzeko eta baketzeko politika egiten eta bertako kultura suspertzen ahalegindu zen. Hala ere arazo handiak izan ziren alderdi politiko nagusien artean, 1982an Nkomo gobernua uztera behartu zutenak. Bien bitartean, gerrillak, ndebeleak gehienak eta shonen aurkakoak, sortu ziren Matabeleland-en, eta lehenagoko gudaroste zuriko talde batzuk ere, Hegoafrikaren laguntzarekin, gobernuaren aurkako gerrilla antolatu zuten. Egoera horrek, eta urte haietako lehorteek, jende asko Bostwanara joatera behartu zuen. Zuri askok ere alde egin zuten (1979-1984 bitartean zurien erdiak joan zirela uste da), baina, hala ere, herrialdeko baliabide ekonomiko gehienak gorde zituzten. 1984an ZANU alderdiko bigarren biltzarrak «iraultza sozialista» eta alderdi bakarreko estatua bideratzea onartu zuen. 1985eko hauteskundeetan Mugabe atera zen irabazle berriro. Hauteskunde ostean Matabeleland-eko gatazka indar handiagoaz piztu zen. Urtearen bukaeran, ZANU eta ZAPU alderdiek batatasunerako aurrehitzarmena egin zuten, 1988ko apirilean gauzatu zena. Hala ere hitzarmenak ez zuen bakea ekarri Matabeleland-era. Alderdien batasuna bideratzeko Legebiltzarrak zuriei gordetako aulkiak kentzea erabaki zuen eta Lehen ministroak ordu arte ohorezkoa zen lehendakariaren ahalak eta legegintzako aginpidea ere eskuratu zituen. Mugabe hautagai bakarra izendatu zuten eta 1988ko abenduan Zimbabweko lehendakari hautatu. 1989. urtearen amaieran legedi berria egin zen, senatua deuseztatu eta ganbara bakarreko Legebiltzarra onartzen zuena, 150 legebiltzarkidez osatua. 1990eko lehendakaritzako hauteskundeetan Mugabek (ZANU-PF alderdiko buruzagi) botoen % 80 eskuratu zuen, baina alderdiko batzorde nagusiak uko egin zion alderdi bakarreko erregimena ezartzeari. Abenduan, Legebiltzarrak zurien lur sailak erosi ahal izateko zuzenketa egin zion konstituzioari. 1991n ZANU-PF alderdiak ideologia marxista-leninista uztea erabaki zuen. Hala ere, alderdiak ez zuen baztertu bere proiektu sozialista. Mugabek erabateko sozialismoa alde batera utzi, eta sozialdemokraziari eta ekonomia mistoari ekitea aipatu zuen. ZANU-PF alderdian zatiketa bat izan zen eta haren ondorioz Alderdi Demokratikoa sortu zen, Emmanuel Magoche buru zela. Zimbawek alderdien aniztasunean oinarritutako sistema badu ere, egiaz alderdi bakarreko erregimena da nagusi. Hala, urteetan oposizioko alderdi sendorik egon ez denez, gobernuko alderdiak Estatuaren mekanismo guztiak menderatu ditu, baita polizia eta burokrazia ere. Baina Angola, Hegoafrika, Namibia, Mozambike eta Zambian pluraltasun politikoaren alde sortu ziren higikundeek eragin handia izan zuten Zimbawen eta hainbat alderdi sortu ziren. 1991ko urtearen bukaeran Mugabe presidenteak adierazi zuen BPG % 3,5 igo zela, baina inflazioa % 25era iritsi zen urte horretan bertan. 1992an gobernuak hainbat erreformaren berri eman zuen ekonomia liberalizatzeko asmoarekin. Hartu zuen lehenengo neurrietako bat 32 mila lanpostu kentzea izan zen. Gastuen murrizketak zirela-eta, gobernuak ikasleentzako bekak kendu zituen, eta goi mailako irakaskuntza ez zen jadanik doakoa. Horren ondorioz, ikasleak, neurri haien kontra egiteko, kalera irten ziren; azkenik, 10 mila ikasle unibertsitatetik bota zituzten. Harare ekialdeko urrezko meategietan bizi kalitatea hobetzeko eskakizuna egiteko ikasle, emakume eta haurrez osatutako manifestazioa antolatu zen, eta soldaduek hiru lagun hil ziztuzten. 1993an Nekazarien Batasunak eta gutxiengo zurien alderdiek lur emankorren jabetza kentzeaz salatu zuten gobernua. Mugabek deportatuko zituelako mehatxua egin zien. 1995ean Zimbaweren atzerriko zorra BPGren berdina zen, beraz, aurrekontuen % 23 zorrak ordaintzeko zen. 1996ko hauteskundeetan Mugabek botoen % 93 lortu zuen, baina, hala ere, abstentzioa % 63koa izan zen. 1998an oinarrizko elikagaien prezioak igo ziren eta hiriburuko aldirietako milaka biztanle kalera irten ziren dendak lapurtzera; gudarosteak indarkeriaz eten zuen egoera horri. ■ Azken bi hamarraldietan, Afrikako herrialderik aberatsenetako bat zena munduko herrialderik behartsuenetako bat bihurtu da. Hiperinflazioak jota dago, neurriz kanpo; industria, nekazaritza eta turismo sare osoa suntsituta dago erabat; ospitaleak eta eskolak ezin erabilirik daude; izugarrizko kolera epidemia dago gobernuak ur horniduraren mantenimenduan izan duen utzikeriagatik; biztanleen % 90 oinarrizko ondasunak kalean salerostera behartuta dago. Hori guztia 1987. urteaz geroztik agintean dagoen lehendakariari zor zaio, garai batean askatzaile eta aspalditik tirano bihurtutakoari: Robert Mugaberi. Aditu askoren arabera, ekonomiak 2000. urtean egin zuen behera, Mugabek hartutako neurri baten ondorioz: nekazari zuriei lurrak desjabetu eta askapen gerrako beteranoei ematea, nahiz ez zekiten nekazaritzaz ezer ez. Beste aditu batzuen ustez, ordea, ekonomiaren beheraldia lehenago hasi zen; 1990eko hamarraldiaren erdialdeaz geroztik, gobernuak neurriz kanpo gastatzen ari zen diru publikoa. 1997ko azaroaren 14ari Ostiral Beltza deritza, Zinbabweko diruaren balioak lur jo baitzuen eta geroztik ez du gora egin. Gainera, Zimbabwek Kongoko Errepublika Demokratikoko gerran parte hartzeak areagotu egin zuen estatuaren diru galera. Gaur egun, azken urteotan Zimbabwetik alde egindako milioika herritarrek bidalitako dibisak dira ia diru iturri ofizial bakarra. Hiperinflazioa noraino iritsi den garbi erakusten du gobernuak ehun trilioi dolarreko billeteak inprimarazi dituela. Herritaren % 72 pobreziaren mailatik behera bizi da, eta, lehendakariaren inguruko funtzionario, militar eta alderdikide gutxi batzuk luxuan eta aberaskerian bizi dira. Porrot ekonomiko horrek behartu du Mugabe 2009ko hasieran oposizioarekin batera batasun nazionaleko gobernu bat osatzera. Hori dena gutxi balitz, osasunaren aldetik hondamena erabatekoa da, HIESaren pandemia aspalditik errotua dago, eta azken garaietan kolerak 3.000tik gora hildako eragin ditu. Eskolak itxita daude. Ez dago irakaslerik edo daudenak greban daude. Zabalik dauden ospitaleek dibisatan ordaintzea eskatzen diete gaixoei. NBEn arabera, langabezia % 94 da.
http://www.gta.gov.zw/