Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zeus

Mit. Antzinako Grezian Olinpoko jainko nagusia, Kronosen eta Rearen semea, Kronosen azkenengoa. Kronosek seme guztiak jaten zituenez, Reak (amak) Kretako ninfen eta kureten esku utzi zuen Zeusen heziketa. Amaltea ahuntzak (edo ninfak) eman zion bularra, eta Amaltea hil zenean haren larrua hartu zuen erroldatzat (egida). Heldutasunera iritsi zenean, Kronosi garaitu zitzaion, Metisen (zuhurtziaren) edabe bati esker, eta anaia guztiak ok eginarazi zizkion. Titanei, berriz, Ziklopeen eta Hekatonkireen laguntzarekin garaitu zitzaien. Titanek egindako tximista bati esker jarri zen Erraldoien eta Tifoi munstroaren gainetik. Garaipen horien ondoren anaien artean egin zuten banaketan Zeus zeruetako errege geratu zen, eta Hades, lurreko erregearen, eta Poseidon, itsasokoaren gainetik. Zeusek izan zituen emazte “hilezkorretan” lehena Metis izan zen. Harengandik izango zuen semeak tronutik kenduko zuela iragarri zioten ordea, eta emaztea, Metis, jan egin zuen. Baina gero Atenea jaio zen Zeusen burutik. Bigarren emazte hilezkorra Temis izan zen; Eurinome, hirugarrena, eta Demeter (bere arreba), Mnemosine, Leto eta Hera (hori ere arreba), ondorengoak. Horiengandik “Urte garaien”, “Orduen”, “Bakearen”, “Zuzenbidearen”, “Patuaren” eta bizitzako edo izadiko beste zenbait gertakizunen eta ahalmenen irudi ziren hainbat jainko-jainkosa (seme eta alaba) izan zituen. Zeusi ezagutzen zitzaizkion emazte hilkorrak, berriz, ezin konta ahala ziren. Horiengandik ere seme eta alaba asko izan zituen, heroiak eta erdi jainkoak, Greziako eskualdeen edo heroien izenak zituzten: Akiles, Aiax, Tantalo, Kadmo, Dardano, Arkade, Pelasgo, Lazedemon, besteak beste. Jainko-jainkosa, heroi, gertaera eta ahalmen guzti horien gainetik egoteak egiten zuen Zeus Olinpoko jainkoen jainko.