Zapatistak ;(EZLN, Mexikoko Nazioaren Askapenerako Gudaroste Zapatista)
EZLN taldea organizazio armatu bat da, tzotzil, tzeltal, tojolabal, txol eta lakandon indiarrez osatua, eta 1994an matxinatua Marcos subkomandantea izenaz ezagutzen den buruzagiaren aginduetara. Organizazioak XX. mendearen hasierako mexikar iraultzaile Emiliano Zapataren ohoretan du horrela izena. ■ Matxinada. Zapatisten matxinada 1994ko urtarrilaren 1ean hasi zen, Chiapasko estatuan, Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren gobernuaren kontra, egun hartan Mexiko Ipar Ameriketako Merkataritza Libreko Itunean sartzen zela baliaturik. Zapatistak matxinatzera bultzatu zituen arrazoien artean honako hauek aipa daitezke: herrialde osoko indiarren eta nekazarien txirotasuna, indiarrei kendutako lurren jabetasuna berreskuratzeko aldarrikapena, eta aberastasunaren banaketa zuzenago baten eta Mexikoko etniek estatuaren eta errepublikaren organizazioan parte hartzeko eskubidea izatearen aldarrikapena, Mexikon bizi diren etnia guztien kultura ezaugarriak onartuak eta aintzat hartuak izan zitezen. Nahiz eta baliabide naturaletan Chiapas den Mexikoko estaturik aberatsenetako bat (petrolioa, zurak, meak eta nekazaritzarako lur emankorrak), gizarte sektoreen arteko gorabeherak eta desberdintasunak ere beste inon baino handiagoak dira Chiapasen, oraindik ere estatuko antolakuntza soziopolitikoa antzinako egitura autoritario latifundistetan oinarritzen delako. ■ Hala, zapatisten gudarosteak zenbait udalerri hartu zituelarik, gobernuak Mexikoko gudaroste federaleko soldaduak bidali zituen haiei aurre egitera, eta guduak izan ziren estatuko hiri nagusietan, San Cristóbal de las Casas eta Ocosingo hirietan, besteak beste. Aurrerago, Mexikoko gobernuaren bitartekaritzaz, Barruti Federaleko alkate ohi Manuel Camachok eta San Crtistóbal de las Casasko apezpiku Samuel Ruiz Garcíak bake elkarrizketak hasi zituzten, gatazkari irtenbide edo konponbide baketsua eman nahiz. Chiapasko Elizak bake elkarrizketak bultzatu zituen, indiarren eta nekazarien alde, haien oinarrizko eskubideak defendatuz. Meniak menia, baina, gatazkak bere horretan iraun zuen. ■ Negoziazioak eta gatazka. 1996ko urtarrilean Mexiko gobernuak eta zapatistek Konstituzioak indiarren autonomia ezagutzea hitzartu zuten. Handik hilabete batzuetara, zapatisten gudarosteak (EZLN) talde politiko bihurtzea erabaki zuen, herrialdearen demokratizazio prozesuan parte hartu ahal izateko, baina erabaki hura ez zen 1997ko iraila arte gauzatu, Mexikoko hiriburuan, manifestazio jendetsu baten ondoren, Nazioaren Askapenereko Fronte Zapatistaren sorrera iragarri zuten arte, alegia. Ernesto Zedillo Ponce de León lehendakariaren gobernuarekin izenpeturiko hitzarmen prozesua bertan behera gelditzeak sorrarazi zuen frontea, baina Marcos subkomandateak berehala aldarrikatu zuen aurreko zapatismoaren borrokari eusteko beharra. ■ 1997ko abenduaren 22an talde paramilitar batek ehunka nekazari hil zituen Acteal herrian, Chiapasen, zapatistek kontrolatzen zuten eremutik hurbil. Zedillo lehendakariak negoziazio prozesua azkartzeko agindua eman zuen eta kargutik kendu zuen Barne ministroa. Bien bitartean, Mexikoko gudarosteak zapatisten kuartel nagusia –Lacandonako oihanean– inguratu zuen baina ez zuen lortu Marcos subkomandatea atxilotzerik. ■ 1998an Julio César Santiago Díaz jenerala atxilotu zuten Actealko sarraskian lagun izateaz akusaturik, bere mendeko gudarosteak erasotuei laguntza eskaini ez izanaz, hain zuzen. Bi hilabete geroago, ekainean, Samuel Ruiz García apezpikuak bertan behera utzi zuen gobernuaren eta zapatisten arteko bitartekaritza lana, lehendakariari trabak jartzea leporatu ondoren. Hilabete hartan bertan, bederatzi pertsona hil ziren Mexikoko gudarostearen eta zapatistenaren arteko borrokan, zapatistek berek sortu zuten eta Mexikoko gudarostea desegiten hasi zen San Juan de la Libertad udalerrian.
- zapatagin
- zapatagintza
- zapatari 2
- zapatari 1
- zapatila
- Zapatistak ;(EZLN, Mexikoko Nazioaren Askapenerako Gudaroste Zapatista)
- zapatu 1, zapa, zapatzen
- zapatu 2
- zapatzaile
- zapatze
- zapazto