Zapata, Emiliano
Mexikar iraultzailea (San Miguel Anenecuilco, Morelos, 1883 - Chinameca, Cuernavaca, 1919). Indiar jatorrikoa zen, eta ez zuen ia eskolarik izan. Hasiera-hasieratik, lurjabeen kontrako indiar pioien matxinadetan parte hartu zuen, Morelosen. 1910ean, Pablo Torres Burgos Maderoren aldekoek Mexikoko hegoaldean hasitako iraultzarekin bat egin zuen. Genovevo de la O-rekin eta Tepeparekin batera borrokatu zen, eta Tlaquiltenango, Jojutla eta Jautepec hiriak hartu zituen. 1911ko maiatzean, federalek eta Maderoren aldekoek itun bat izenpetu zuten Ciudad Juarezen; haren ondorioz, eta gogoz kontra bazen ere, Zapatak bere gudarostea desegin zuen behin-behinekoz, baina ez zuen León de la Barra lehendakariaren aginpidea onetsi. Maderok aginpidea eskuratu eta, harekin ere arazoak izan zituen, Zapataren ustez, lurren banaketarako erreforma berriak martxan jarri nahi ez zituelako Materok. 1911ko azaroan, Ayalako aldarria egin zuen, Otilio E. Montañok idatzia; bertan, Maderoren traizioa salatzen zuen, eta lurren banaketa zuzena eskatzen zuen «Lurra eta Askatasuna» lemapean. Maderoren gudaroste buruek oso egoera larrian jarri zituzten Zapataren jarraitzaileak 1912. urte guztian, baina Madero aginpidetik kendu eta V. Huerta lehendakari berriarekin sortu zen egoera nahasian bere planak aurrera eramatea lortu zuen. V. Carranzaren Guadalupeko hitzarmena (1913) onetsi ez, eta, Pancho Villarekin elkar hartuta, haren kontra borrokan aritu zen, Aguas Calientesko ituna izenpetua izan ondoren (1914). Borrokaren ondorioz, Carranza Veracruzera erretiratu zen eta Pancho Villak eta Zapatak Mexiko hiriburua hartu zuten. Urte hartan bertan sortu zen, ordea, bi iraultzaileen arteko haustura, eta Carranzak, haustura hura aprobetxatuz, eraso egin zuen. Carranzak Pancho Villaren gudarostea garaitu zuen eta Zapata Morelosen gelditu zen bakartua. Tlatizapan-en finkatu zuen bere egoitza, eta bere gobernua antolatu zuen, Mexikoko gobernutik aparte. Lur banaketa egin zuen, baina ezin izan zituen bere gudarosteko gizonak kontrolatu, eta gehiegikeria ugari egin zen. Carranzaren setioa apurtu ezinik aurkitzen baitzen, aldarri bat zabaldu zien Mexikoko nekazari eta langile guztiei iraultzaren alde jar zitezen: Carranzaren dimisioa eskatzen zuen, lur banaketa zuzenagoa, nekazarien beharren araberakoa, indiarrentzako berdintasuna eta errepublika demokratikoago bat sortzea; baina Carranzaren bide erreformazaleak bidea egina zuen. 1919ko apirilean, Jesus Guajardo koronelak Zapatari segada bat antolatu zion Chinamecan, eta tiroz hilarazi zuten.