Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zamakolada

1804. urtean Bizkaian, Bilbon eta Ibaizabal ibaiaren bokale aldeko herrietan bereziki, foruen alde eta soldadutzaren aurka izan zen matxinada. Bilboko hiriaren eta Bizkaiko gainerako hiri eta herrien arteko tirabira eta konponezinek sortarazi zuten matxinada hura; zehazki, Simon Bernardo Zamacola Dimako eskribauak 1801ean Bizkaiko Batzar Nagusietan Abandoko portuaren alde aurkeztu zuen proiektuak («Bakearen portua») piztu zuen auzia, eta hartatik datorkio Zamakolada izena. Bilboko hiriak ez zuen begi onez ikusten lehia egingo zion portu bat aldamenean izatea eta Bizkaiko Aldundiak aukera egokia zuen Bilboko hiriaz beste portu bat edukitzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu eta gero, Errege Dekretu baten bidez portu hura egiteko baimena eman zitzaion Bizkaiko Jaurreriarri 1801eko abenduaren 31n. Bilboko hiriak ez zuen hala ere etsi eta gisa guztietako losintxak eta mesedeak egin zizkion Godoy ministro guztiahaldunari. 1801-1804 bitartean bilbotarrek afera ilunetan nahasi nahi izan zuten Zamakola; 1804an Bilboko Kontsuletxeak portu berriaren gaineko jurisdikzioa eskatu zuen baina, urte bereko ekainean, Madrilgo Errege Agindu batek berretsi zuen, Zamacolak eginiko jestioen ondoren, portu berriaren izaera autonomoa. Madrildik itzuli ondoren, Zamacolak derrigorrezko soldadutzari oztoporik ez jartzeko eskatu zien, ordainez, batzarkideei, eta hauek, hartan foru-hauste nabarmena ikusi zuten arren, aldeko botoa eman zioten neurri hari. Herri xeheak ez zuen bidegabekeria hura onartu, eta Zamacolaren aldeko junteroak laster konturatu ziren Madrilek portuaren alde emanikoak ezer ez zirela foru-hauste handi haren ondoan. 1804ko abuztuaren 17an hasi zen matxinada Begoñako herrian; Jose Nicolas Batiz bertako “fiela” eta Zamacolaren lagun handia hartu zuten preso, eta Zamacolak Diman babestu behar izan zuen. Begoñako jendeak Abandora eta Bilbora jo zuen eta, arazo handirik gabe, armak hartu zituzten bertan. Bizkaiko Gobernuak biderik gabe utzi zuen Batzar Nagusiek soldadutzari buruz hartutako erabakia Batzar Nagusiak hurren bildu arte, baina Begoñakoek, pozik egon arren, ez zuten Batiz askatu. Hurrengo egunean Abandoko jendeak lagundu zien begoñatarrei eta beste pertsona batzuk atxilotu zituzten. Begoñatarrek Batzar Nagusi berriak bil zitezela eskatu zuten. Bilbon sartu ziren matxinatuak eta jaun batzuk atxilo hartu zituzten, bertako askoren laguntzaz. Bilbora bildutako jendeak korrejidoraren eta ahaldun nagusien buruak eskatu zituen. Gobernuak hilaren 22rako deitu zien Bizkaiko batzarkideei, baina gero eta herri gehiagotara zabaldu zen matxinada: Sestao, Portugalete, Barakaldo, Deustuara,… Bitartean, Nafarroan babestu zen Zamacola. Hilaren 22tik aurrera Gernikan bildu ziren Bizkaiko junteroak, baina hutsean geratu ziren bertan eginiko ahalegin guztiak: 1804ko irailaren 1ean jakin zuten Espainiako gudarostea abiatu zela Bilbo aldera Donostiatik eta Iruñetik, eta Bilboko Udalak Godoyri tropa haiek erretira zitzala eskatu zion arren, ministroak epailea, aurretik, eta gudarostea, ondotik, bidali zituen. Irailaren 21ean sartu zen espainiar gudarostea eta ondoko egunean ekin zion zapalkuntzari: Mazarredo jenerala eta Maraino Luis de Urquijo ministro ohia erbesteratu zituzten eta isunak, atxilotzeak eta kargu-uzteak izan ziren kargudunen artean. Herritar xeheei kartzela zigor handiak ezarri zitzaizkien. 1807an indultu bat eman zuen Madrilgo gobernuak Zamakoladaren ondoren kondenatutakoentzat.