Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zaldun

iz. Zaldizkoa. || Aitoren semea, batez ere maila apalenekoa; zalduntza ordena bateko kidea. || Zaldun inaute. Hausterre egun aurreko igandea, igande inautea.  v Historia. Jatorriz zaldizko gudariari dagokio zaldun titulua eta Erdi Aroan izan zuen garrantzi gehiena. Zaldunak berez lurjabeak, nobleak edo jauntxoaren lurretan maizter izatearen truke haren mendeko gudari bihurturiko basailuak izan zitezkeen. Jaun edo buruzagi baten zerbitzuan jardun ondoren, behar beste trebaturik eta arma zein jantziak eskuratzeko adina diru lortzen zutenean, arma-zaldun bihurtzen ziren. Gurutzadetan zalduneriako ideal kristauak zabaldu ziren, elizari eta buruzagi militarrari edo jaun feudalari zor zaien begirunea eta norberaren ohorea oinarri zituenak. Arian-arian zaldun taldeak edo ordenak sortzen hasi ziren; horietan aipagarriak dira, besteak beste: Maltako zaldunen ordena, Templeko zaldunena, zaldun teutoiena, etab. XIV eta XV. mendeetan, ordea, gurutzadetan oinezko gudarien eta arkularien aurka izandako galera handiak eta artilleriaren aurreramendua zirela alde batetik eta aginpide feudalistaren kontra erregearen aginpide zentralistak hartu zuen indarra bestetik, zaldunen garrantzia ahulduz joan zen. Horrenbestez, XVI. mende inguruan ohorezko titulu bihurtu zen. Harrezkero, ordena sekular ugari sortu ziren, goi mailako nobleek, gobernuko kargudun nagusiek eta arte edo lan berezietan ezagun eginek osatuak.