Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zahartzaro

iz. Giza bizitzaren azken zatia, heldutasunaren ondokoa.  v Zahartzaroaren ezaugarri bereziena funtzio fisiologiko eta psikologikoen ahultzea, ehunen eta organoen aldakuntza atropikoak gertatzea, eta oro har izakiaren gain eragina duten kanpotiko faktoreetara egokitzeko gaitasuna gutxitzea edo ahultzea dira. Gizakiarengan zahartasunaren ezaugarriak azalaren zimurtzea, hezurrak hauskor bihurtzea, giltzaduren malgutasuna galtzea, ikusmenaren eta entzumenaren galera, zainak gogortzea, memoria galtzea, eta horrenbestez adimen bizkortasuna zurruntzea da. Pertsona batetik bestera alde handia izan daiteke zahartzaroa hasten den adinari eta hark dituen ezaugarriei dagokienez, baina ikuspegi estatistiko batetik 60-65 urte inguruan izaten da zahartzaroaren hasiera. Hala ere, medikuntzaren aurreramenduarekin eta bizimoduaren aldaketarekin zahartzaroaren hasiera etengabe atzeratu da herrialde aurreratuetan. Hala, bizitzeko itxaropena azkeneko 50 urteetan 20 urte gehiago luzatu da Europan, eta proportzio berean atzeratu da zahartzaroaren hasiera. Herrialde atzeratuagoetan, antzinako garaietan bezalatsu, bizitzeko itxaropena laburragoa da, eta zahartze fisiologiko eta psikologikoa lehenago hasten da. Suedian, adibidez, bizitzeko itxaropena 74 urtekoa da gizonezkoentzat eta 81 urtekoa emakumezkoentzat; Nigerren, berriz, gizonezkoen bizitzeko itxaropena 43 urtekoa da, eta emakumezkoena 46 urtekoa.