Txulapain
Nafarroako udalerri eta ibarra (Zangozako merindadea). Mugak: iparraldean Atetz eta Imotz, ekialdean Odieta eta Ezkabarte, mendebalean Gulina eta hegoaldean Antsoain eta Iruñea. Garaiera, 529 m. 32,12 km2 eta 393 biztanle (txulapaindarrak). Herrigune hauek osatua da Txulapaingo udalerria: Aristregi, Beltzuntze, Beorburu, Gartziriain, Larraiotz, Markalain, Nabatz, Nuin, Ollakarizketa, Osakar, Osinaga, Untzu, Usi, Lizaso eta Urritzola-Galain. Txulapain ibaiak zeharkatzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XX. mendearen bigarren erdian galdu da euskara. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, bazkarako landareak, patata, lekadunak) eta abere hazkuntza (behi, ardi eta zerri azienda) badira ere, langile asko Iruñerriko industrialdeetara joaten da eta bigarren lanbide ditu baserriko lanak.