Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shanghai

Txinako ekialdeko hiria, Kiangsu probintziaren barnean dagoena lurraldez, ez administrazioari dagokionez, autonomoa baita eta gobernu zentralaren mende baitago zuzenean. 7.333.000 biztanle (1985). Txinako hiri handiena da, eta atzerriarekiko merkataritza gune nagusia; munduko itsas portu handienetako bat da. Txinako industria hiri nagusia da (altzairua, ehungintza, ontziolak, petrolio findegiak). Bestalde, bertako lantegietan gai arinak eta astunak produzitzen dira: makineria, kimika gaiak, hornidura elektronikoa, hegazkinak, doitasun handiko gaiak. Hiriak hiru parte nagusi ditu: merkataritza eremua, nazioartekoa izana, eta mendebalekoen itxura duena; auzo zaharra, kale estuak eta zurezko etxeak dituena, biztanle asko duena; eta hirigunea inguratzen duten industria eta egoitza auzoak. Kulturari dagokionez ere garrantzi handiko hiria da. Unibertsitate eta museo asko ditu; museoen artean azpimarratzekoa da Arte eta Historiakoa, pintura, brontze, zeramika eta antzinako gauzen bilduma bikainak dituena. XVI. mendeko eraikuntzak eta lorategiak gorde dira.  v  Historia. Aspalditik izan da Shanghai hiri handia, bereziki ehungintzan ziharduena. 1842an, Nankingo Itunaren ondorioz opioaren gerra amaitu zenean, Erresuma Batuak portu libre bat sortu zuen bertan, Erresuma Batuak, Frantziak eta Estatu Batuek pribilejio eremu bereziak zituztela. Hala, hiria Txinako inportazio-esportazio portu nagusi bihurtu zen. Industria modernoa XIX. mende bukaeran heldu zen; Japoniako enpresak hasi ziren ehunaren industria bultzatzen. Bertako kapitala Lehen Mundu Gerraren ondoren hasi zen erabiltzen, arazo askorekin ordea, atzerritarrek zituzten abantailengatik. Shanghain sortu zen, 1921. urtean, Txinako Alderdi Komunista, berehala hedatu zena; hura Alderdi Nazionalistatik banatzeak oso zapalkuntza gogorra ekarri zuen. Japoniarren mende egon zen 1937-45 urteetan; industriak eta hiriak berak kalte handiak izan zituen gerran, Armada Gorriaren mende geratu zen arte, 1949an. 1960-70 urteetan iritsi zuen berriro lehengo indar ekonomikoa.