xaman
iz. Tribuetan bizi diren herrietan, magoa, mediuma edo sendatzailea, izpirituen munduarekiko harremanetan ahalmen bereziak dituena. Siberiako eta Ural-Altai mendietako erlijio sistemetan bereziki izaten dira xamanak, baina eskimalen artean, amerikar leinu batzuetan, Asiako hego-ekialdean eta Ozeanian ere badira. Xamanismoa animismoan oinarritzen da; xamanak izpiritu gaiztoetatik babesten ditu gizakiak, izpiritu horiek indargabetuz. Trantze hipnotikoak izaten ditu, eta horietan espirituekin harremanetan jartzen omen da. Aginpide eta izen handiko lekua izaten du bere tribuan.