Villèle, Jean-Baptiste Guillaume Joseph
Frantses politikaria (Okzitaniako Tolosa, 1773 - Okzitaniako Tolosa, 1854). Ultramontanismoaren aitzindarietakoa izan zen. Itsas gudarosteko kidea izan zen eta Ekialdeko eta Mendebaleko Indietan jardun zuen 1807an Frantziara itzuli zen arte. 1813an Fedearen zaldunen ordena ultra-erregezaleko kide egin zen. 1815-1816an diputatu izan zen eta Richelieuren gobernuan ministro (1820) izendatu zuten, baina moderatuen kontra azaldu zen eta dimisioa eman zuen 1821ean. 1822an Richelieuren ordezko izendatu zuten kontseiluan. Ganbara desegin zuen eta biltzar legegile berria antolatu zuten, liberalak onartzen ez zituena. Neurri atzerakoiak hartu zituela eta (besteak beste, Iraultzan ondasunak galdu zituzten emigranteei diru laguntzak eman zizkien, ez zuen konstituziorik onartu nahi izan, eta katoliko kontserbadoreei eskumen handiak eman zizkien) kritika ugari jaso zituen Chateubrianden eta ganbarako gainerako kideen aldetik. Azkenik, hauteskundeak deitu zituen eta, liberalek irabazi baitzituzten, bere kargua utzi zuen 1828an.