Usandizaga Soraluze, José María
Gipuzkoar musikagilea (Donostia, 1887 - Donostia, 1915). Jaioterrian egin zituen ikasketak Cendoya eta B. Pagolarekin. Parisen konposizio ikasketak egin zituen V. D’Indyrekin eta piano ikasketak Plantérekin. 1906. urtean Donostiara itzuli zen eta bandarako lanak idatzi eta aurkeztu zituen. 1911. urtean euskaraz idatzitako Mendi Mendiyan opera aurkeztu zuen berebiziko arrakastaz. 1914. urtean Las golondrinas aurkeztu zuen, arrakasta handiz, Madrilen; hasieran zarzuela gisa aurkeztu bazen ere, Ramón, bere anaiak, opera bihurtu zuen geroago. Frantses eskolaren eta Pucciniren antzerkiaren eraginak antzematen zaizkio, baina aldi berean euskal sena ere nabari zaio; hala, Guridirekin batera, euskal musika eskolaren sortzaile izan zen. Beste lan aipagarriak ditu: orkestrarako, Suite en la mayor (1904), En el mar (1904), Obertura sobre un tema de canto llano (1904), Irurak bat (1907), La llama opera (1918); korurako meza bat eta Euskal Herri maitiari, Mari Domingin, Umezurtza, Gabonetan, Txoriona norat ua; kamera musika: Cuarteto sobre temas populares vascos, Quinteto de cuerda.