Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ortuella

Bizkaiko erdi-mendebaleko udalerria (Ezkerraldea). Mugak: iparraldean, Santurtzi eta Portugalete; ekialdean, Portugalete eta Trapaga; mendebalean, Abanto-Zierbena; hegoaldean, Galdames. Garaiera, 70 m. 7,65 km2. 1997ko datuen arabera, 8.786 biztanle (ortuellarrak). Auzo nagusiak: Ortuella (herriburua), Kadegal, La Cerrada, La Lejana, Galindo, Golifar, Granada, Nocedal, Orkonera, Triano eta Urioste. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende hasieran galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 1.155 euskaldun, 1.676 ia-euskaldun eta 5.633 erdaldun. Industria (altzairugintza, zurgintza, eraikuntza, lantegi mekanikoak; langileen % 65) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 30) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da XIX. mende bukaerako San Felix parrokia eliza. v Historia. 1901. urtean sortu zen Ortuella, Trapaga eta Sestaorekin batean Somorrostroko haraneko kontseilua osatzen zuen Santurtzikoa bitan banatu zenean alegia. XIX. mendearen erdialdetik aurrera meatzari herria izan zen.