Urruña
Lapurdiko hego-mendebaleko udalerria, Hendaiako kantonamenduan. Urrugne du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean, Ziburu eta Azkaine; mendebalean, Hendaia eta Biriatu; hegoaldean Irun (Gipuzkoa). 50,60 km2. 1999ko erroldaren arabera, 7.171 biztanle ditu, 1990ean baino ia 1.000 gehiago (urruñarrak). Herrigune hauek osatua da Urruñako udalerria: Behobia, Ketxikoa-Kalitxo, Menditxokoa, Mentaberria, Olhette eta Urruña (herriburua). Euskara, lapurtera; euskaldunak % 17. Ura Bidasoa eta Urdazuri ibaietan hustutzen duten hainbat errekastok igarotzen dute Urruñako udalerria. Industria (altzairugintza, etxeko tresneria elektrikoa, zapatagintza, janari industria; langileen % 57) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegiturak, aduanak, banketxeak; langileen % 21) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, laborantzari (barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntzari (behi eta ardi azienda) emana bizi den jendearen kopurua (langileen % 22). Aipagarria da bertako parrokia eliza eta Sokorri kapera. v Historia. Lapurdi zaharreko herri garrantzitsuenetakoa izan zen Urruña. 1083. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz eta Urdazuritik Bidasoaraino hedatzen zen Urruña dokumentu horren arabera. XVII. mendean bereizi ziren Hendaia eta Ziburu Urruñatik udalerri bereiziak osatzeko.