Urquijo, Mariano Luis de
Bizkaitar politikaria (Bilbo, 1768 - Paris, 1817). Madrilen eta Salamancan zuzenbideko ikasketak egin ondoren Estatuko Idazkaritzako ofizial egin zuten eta enbaxadorearen laguntzailea izan zen Londresen lehenik eta Bataviako Errepublikan ondoren. 1800. urtean Lehen Ministro izendatu zuten eta bere agintaldian aurrerapen handiak egin ziren; zientziak bultzatu zituen, txertoa zabaldu zuen, natur zientziak bultzatu zituen eta Wilhelm Humboldt-en Hego Ameriketarako zientzia bidaia bultzatu zuen. Kanpo politikari dagokionez, hainbat tirabira izan zituen Napoleonekin eta honek anaia Luciano bidali zuen Espainiara Urquijo kargutik ken zezan. Ministroaren etsaiak egoeraz baliatu ziren Urquijo aginpidetik baztertzeko eta Bilbora erbesteratu zuten. Napoleonek Espainia inbaditu zuenean Baionako biltzarreko idazkari izendatu zuen enperadoreak berak. Frantsesen aldeko jarrera hori ezin izan zuten jasan espainiar agintariek eta bahituran jarri zituzten bizkaitarraren ondasun guztiak. Gasteizko gudua gertatu ondoren, Espainiatik alde egin behar izan zuen gudaroste galtzailearekin batean. Paben frantses hiritar egin zen eta Parisen eman zituen bere bizitzako azken urteak exiliatuta.