Urola-Kostaldea
Gipuzkoa osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Eskualde honek 327 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Gipuzkoaren % 16,5), eta 64.872 biztanle zituen guztira 1997an (Gipuzkoaren % 9,6 baino ez). Bi biztanlegune nagusi ditu eskualdeak: barrualdean, Azpeitiak (13.610) eta Azkoitiak (10.248) osatutako gunea eta, kostaldean, Zarautz, ia 20.000 biztanlerekin hori baita eskualdeko udalerririk jendetsuena. Barrualdeko gainerako udalerriak jende gutxikoak izanik, kostaldekoen artean Zumaia nabarmen daiteke Zarautzen ondotik, 8.324 biztanlerekin, eta Orio (4.319), Zestoa (3.184) eta Getaria (2.402) ondoren. Nolanahi ere, kostaldean dago bilduta Urolaren arroan barrena garatzen den eskualde honen biztanleriaren gehiengoa. ■ Hizkuntzari dagokionez, euskara da argi eta garbi nagusi Urola-Kostaldean. Batez beste, eta 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 80 euskaldunak ziren, % 10 ia-euskaldunak eta beste % 10 erdaldunak. Banaketa gainera oso orekatua da udalerrika, ia erabat euskaldunak diren udalerri ugari egonik ere, gainerakoetan ere kasu guztietan biztanleen % 70 baino gehiago baita euskalduna. ■ Alor ekonomikoan, eskualdea bere osotasunean hartuz gero Gipuzkoako batez bestekoaren zertxobait azpitik gelditzen da biztanle bakoitzeko sortzen den Barne Produktu Gordinari dagokionez. EAEko indize bateratzeailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 98n zegoen Urola-Kostaldea eskualdean 1996an: 2.247.000 milioi pezeta biztanleko eta urteko. EAEko, Gipuzkoako eta eskualdeko batez bestekoa aise gainditzen zuten Aizarnazabalek (275), Aiak (127), Azpeitiak (119), Getariak (118), eta Zumaiak (113), eta horien azpitik zeuden gainerakoak, nahiko hurbil ordea. Salbuespena Orio izan liteke, 63 indizean. Izan ere, azken urteotan une zailak bizi izan ditu Oriok, arrantzarekin lotura handiena duen udalerria baita. ■ Jarduera ekonomikoei dagokienez, industria da nagusi Urola-Kostaldean. 1996an, esaterako, eskualdean sortu zen balio erantsiaren ia erdia industriak ekarri zuen, Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik ia 11 puntutan. Zerbitzuen ekarpena, aldiz, Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik zegoen 12 puntutan (Lurralde Historikoko balio erantsiaren % 54 ekarri zuen urte hartan alor horrek, eta eskualdearen % 42). Lehen sektoreak, berriz, eskualdean sortutako balio erantsiaren % 3,5 ekarri zuen (% 1,5 Gipuzkoak urte hartan), nahiz eta eskualdeko hainbat udalerritan –Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion–, askozaz gainditu ehuneko hori. Esan beharra dago, gainera, jarduera industriala –beste eskualde batzuetan ez bezala– ez dela udalerri jakin batzuetara mugatzen, eskualdea osatzen duten hamabi udalerritatik bederatzitan industria baita jarduera ekonomiko nagusia. Zerbitzuei dagokienez, Zarautzen eta Orion baino ez dira erabat nagusi, eta horietan bietan turismoari lotutakoek dute garrantzi handiena. Alor horretan, ahalegin handiak egin ditu eskualdeak azken urteotan bere eskaintza turistikoa hobetzeko eta hainbat herritan –kostaldekoetan, gehienbat– betikoa izan den jarduera behar berrietara egokitzeko. Hala, aipagarriak dira informazio eta sustapen zerbitzu bateratzailea, azpiegitura berriak –Zumaia eta Getariako kirol portuak, esaterako– eta bidean dauden egitasmoak, Ekaingo harzuloen errepika Zestoan eta Balenciagari eskainitako museoa Getarian, besteak beste.