Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urnieta

Gipuzkoako iparraldeko udalerria, Oria ibaiaren eskuinaldean (Donostialdea). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Hernani; mendebalean, Lasarte-Oria eta Andoain; hegoaldean, Elduain. Garaiera, 53 m. 26,2 km2. 1997ko datuen arabera, 5.310 biztanle (urnietarrak). Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 55. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industria (altzairugintza, zurgintza, eraikuntza, industria kimikoa, janari industria, eraikuntza; langileen % 72,7) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 23,2) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela urnietar asko Lasarteko eta Donostiako industrietara joaten da lan egitera. Aipagarriak dira jatorri erromanikoko San Migel parrokia eliza (XIX-XX. mende hasieran berreraikia), Santakruz Azkorteko ermita, bertan gordetzen den XIII. mendeko Kristoren irudi gotikoa eta XVII. mendeko udaletxea. v Historia. XII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. 1615. urtean hiri-gutuna jaso zuen baina urte bete geroagoko errege-zedula batek Donostiaren administraziopean jarri zuen. 1837. urtean O’Donnell liberalaren gudarosteak, Andoaindik galtzaile atera ondoren, erretiratzerakoan erabat suntsitu zuen Urnieta (bost etxe baizik ez ziren geratu osorik). 1855. urteko izurriteak 85 pertsona hil zituen.