Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urdiain

Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Aralarko mendilerroa eta Ataun (Gipuzkoa); ekialdean, Iturmendi; mendebalean, Altsasu; hegoaldean Urbasako mendilerroa. Garaiera, 549 m. 15,37 km2. 1999ko datuen arabera, 647 biztanle (urdiaindarrak). Arakil ibaiak igarotzen du. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 95. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Industria (zurgintza, eraikuntza, janari industria, altzairugintza; langileen % 63) eta nekazaritza (garia, garagarra, artoa, bazkarako landareak, behi, ardi eta zerri azienda; langileen % 13) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela jende asko Altsasuko industrietara joaten da lan egitera. Aipagarriak dira Ama Birjinaren Jasokundearen parrokia eliza, Altziberreko Ama Birjinaren ermita (XIV. mendeko Ama Birjina Haurrarekin irudi gotikoa), harrizko iturri zaharra eta XVI-XVII-XVIII. mendeetako etxe armarridunak. 1846. urtean bihurtu zen udalerri.