Urartu
Asiako hego-mendebaleko antzinako erreinua, Van aintziraren inguruan sortua K.a. XIII. mendean. Dirudienez, Biblian aipatzen den Ararat da. Hiriburua Tushpa zuen, gaur egungo Van. Urterik oparoenetan (K.a. 830-700) Eufrates eta Aras ibaien goiko ibilguetaraino eta Urmia eta Sevan aintziretaraino hedatu zen erreinua. Urartuko kulturak zerikusi handia du hurritenarekin (hizkuntza) eta asiriarrenarekin (idazkera, politika eta administrazioa), eta burdina lantzen lortutako mailagatik da batez ere ezaguna. XIX. mendearen hasieraz gero egin diren indusketatan urrez eta esmaltez estalitako brontzezko irudi txikiak, ardo biltegiak, brontzezko eta burdinazko armak, ubideak, galtzadak, tenpluak eta beste aztarna asko aurkitu dira. K.o. VIII. mendearen bigarren erdian asiriarren erasoek ahuldu egin zuten erreinua, eta zimeriarren eta esziten inbasioen ondoren desagertu zen, VI. mendearen hasieran Ziajares I.a mediar erregeak suntsituta.