Ukar
Nafarroako erdialdeko udalerria, Perdon mendilerroaren hegoaldean (Izarbeibar, Iruñeko merindadea). Izen ofiziala, Úcar. Mugak: iparraldean, Zizur eta Galar; ekialdean, Biurrun-Olkotz; mendebalean, Adiotz eta Eneritz; hegoaldean, Añorbe eta Tirapu. Garaiera, 506 m. 11,65 km2 ditu eta 114 biztanle (ukartarrak). Robo ibaiak igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende hasieran galdu zen euskara. Nekazaritza (mahatsa, garia, garagarra, ilarra, artoa, ardi eta ahuntz azienda; langileen % 40) eta honen inguruan sorturiko industria (janari industria; langileen % 35,5) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVI. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde parrokia errenazentista eta XVII. mendeko San Migel Goiaingeruaren ermita (XIV. mendeko Ama Birjinaren irudi gotikoa).