Ugarit
Siriako kostaldeko antzinako hiria, Latakia hiriaren iparraldean. Hiriaren hondakinak 1929. urteaz geroztik aurkitu ziren Ras Samra-n. Hondakinen arabera, bost bizialdi zehaztu dira. Maila horietako zaharrena (V.a) Neolito Aroari dagokio, eta bizialdi berriena (I.a) eten egiten da Itsasoko herriek suntsitu zutelako hiria K.a. 1200. urtea baino lehentxoago. VI. eta III. mailak IV. eta III. milurteei dagozkie alde batean, eta bertan aurkitu diren zeramika puskak mesopotamiarrei dagozkie. III. mailako zeramika puskek feniziarrak ere han bizi izan zirela adierazten dute. II. eta I. mailek hiria merkataritza eta kultura gune garrantzitsua izan zela erakusten dute. II. maila izan zen garaian Egiptorekin harremana izan zuen eta I. mailan hititen inperioarekin. Maila horietan aurkitu dira monumenturik garrantzitsuenak ere: Dagon (II. milurtearen hasierakoa) eta Baal jainkoei eskainitako tenpluak, gotorlekua eta jauregia. Jauregian Ugarit hizkuntzan, hau da, idazkera kuneiformezko hizkuntzan idatzitako artxiboak aurkitu dira.