Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA)
Euskara hutsez jardutea erabaki duten euskal udalek osatutako erakundea. Udalerri Euskaldunen mugimendua 1988. urtearen amaieran jarri zen martxan, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen ekimenez 30 udalerrik Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia onartu zutenean. Arautegi hark administrazioan zein udalerri osoan euskaraz bizitzeko bitartekoak jartzea zuen helburua. Mugimendu hari 1992an sortu zen Mankomunitateak eman zion izaera juridikoa. UEMAren estatutuak, errekurrituak izan ondoren, legez kanpokotzat hartuak izan zirenez, Mankomunitateak aldatu egin behar izan zituen 1995ean, nahiz eta jatorrizko helburuei eutsi. 2000. urtean Hego Euskal Herriko 40tik gora udal zeuden UEMAra bilduak. Urte horretan Espainiako Auzitegi Gorenak UEMAren aurkako sententzia eman zuen ezagutzera, eztabaida asko ekarri zuena. Izan ere, ibilbide judizial luzearen ondorio izan zen udalei euskararen erabilera eta garapena sustatzeko bateratzea eragozten zien sententzia. Sententziak zeregin hori Autonomia Erkidegoko administrazioaren eskumena zela zioen, ez udalena, eta euskararen sustapena udalen eskumenetatik at geratzen zela. Euskalgintzan diharduten talde eta elkarteen zein EAEko administrazioaren hainbat instantziaren –Eudelena eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailordetzarena, besteak beste– babesa jaso zuen UEMAk, sententzia hori zela-eta gora jotzeko asmoa zuela adierazi zuenean.