Udalbiltza
(Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra). Euskal Herriko udal guztietako ordezkariak biltzen dituen erakundea, 1999. urtean sortua. Irailaren 18an, Bilbon egindako ekitaldi batean, osatu zen, nahiz eta erakundea abian jartzeko lehen urratsak urte hartako otsailean egin ziren, hainbat hautetsik Iruñean egindako bilkura batean. Udalbiltzaren sorrera ekitaldira Hego eta Ipar Euskal Herriko udaletako 1.778 alkate eta zinegotzi bildu ziren, eta bost zutabetan oinarritutako jarduera egitasmoa onartu zuten: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea; Euskal Herriaren egitura politikoa erabiltzeari laguntza ematea, lurraldetasunaren lekuko izanik eta sei lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz; Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarriturik; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntza, kultura, kirola, ingurumena, lurraldearen antolaketa, ekonomia garapena eta ongizatea bezalako esparruetan udal ordezkarien ekintza bateratuei aukera emanez; Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela Europako geroko egituraketan eta instituzioetan ere. ■ ETAren su-etena tartean zela, 1998ko irailaren 12an sinatutako Lizarra-Garaziko Akordioarekin batera indar abertzaleen arteko elkarlanaren isla izan zen Udalbiltzaren sorrera. Su-etena bertan behera gelditu ondoren ezker abertzalea eta alderdi abertzale moderatuen artean piztu ziren hika-miken ondorioak Udalbiltzak ere jasan zituen. Hautetsien Biltzarra eta horren jarduera-ekimenak geldirik zeudela eta, 2000. urteko udazkenean EH-ren eta AB-ren inguruko 550 hautetsik –talde horietakoak zein independenteak– EAJ eta EA-koek aintzat hartu ez zuten bilkura bat egin zuten Iruñean. Azaroan EAJ-k eta EA-k Udalbiltzaren zuzendaritzatik at utzi zuten EH. Bereizketa formalik egin ez bazen ere, bi adarretan-edo jarduten hasi zen orduz geroztik Udalbiltza: Udalbiltza izenpean jarduten jarraitu zuen EAJ eta EA-ko hautetsiz osatutako erakundea batetik, eta Udalbitzaren Aldeko Hautetsien Mugimendua, bestetik.