Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

txorotega

iz. Ameriketako erdialdeko izen bereko indiar herriko kidea. Txorotegak espainiarren kolonizazioan garaian desagertu ziren. Antzina, Mexikoko Chiapasen bizi izan ziren, eta XI. mendean Nikaraguako kostaldera eta Costa Ricara hedatu ziren. Otomange hizkuntza familiako hizkuntzaz mintzo ziren. Nekazaritza (artoa, barazkiak, kotoia eta tabakoa), arrantza eta ehiza zuten bizibide. Garrantzi handiko merkataritza harremanak zituzten, Guatemalaraino eta Costa Ricaraino. Kalitate handiko zeramika zuten, era askotakoa, eta jende asko aritzen zen langintza horretan. Plaza zen hiriaren ardatza; plazaren inguruan tenpluak eta buruzagien etxebizitzak zeuden. Gizartea taldetan banatua zuten: nobleak, nekazariak, eskulangileak, esklaboak eta gerran preso hartuak. Herriak aukeratutako agure biltzar batek zuen aginpidea. Gerrazaleak ziren oso; agure batzarrak buruzagi bat izendatzen zuen gerrarako. Errituetan giza sakrifizioak egiten zituzten eta giza haragia jaten zuten.