Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zipre

(Izen ofiziala, Zipreko Errepublika; Gr. Kipriaki Dimokratia; turkieraz, Kibris Cumhuriyeti). Mediterraneo Itsasoko ekialdeko estatua eta uhartea. 9.251 km2 eta 784.301 biztanle (2007, zipretarrak). Hiriburua: Nikosia: 169.000 biztanle (1991). Hiri nagusiak: Limassol, Larnaka, Famagusta. Hizkuntza ofizialak: grekoa eta turkiera. Etniak: grekoak, % 76; turkiarrak, % 24. Erlijioak: kristau ortodoxoa eta islama. Dirua: euroa.  v  Orografia eta hidrografia. Iparraldetik hegoaldera, lau alderdi nagusi bereiz daitezke uhartean. Kirenia mendiek iparraldeko kosta osoa hartzen dute, mendebaletik Karpas penintsularaino; kare-harrizko mendikate estua da, tontor garaiena 1.024 m dituena. Troodos mendialdeak uhartearen hegoaldeko erdia hartzen du oso-osorik, Olimpus mendia (1.951), Zipreko mendi garaiena, erdigunetzat duela. Bi mendialde horien artean Mesaoriako ordokia dago, oso lur emankorrak dituena, eta Zipreko hiri nagusietako batzuk dituen hego-ekialdeko kostaldeko goi-ordokiarekin bat egiten duena. Uharteko ibai nagusiak Troodoseko mendietan jaiotzen dira. Ibai luzeenak ura ekialdeko Famagusta badian isurtzen duen Pedieos, mendebaleko Morphou badian isurtzen duen Karioti eta hegoaldeko Episkopi badian isurtzen duen Kouris ibaiak dira.  v  Klima eta landaredia. Ziprek Mediterraneoko klima du: negu epelak (10 °C) eta uda bero lehorrak (29 °C). 500 mm euri inguru izaten ditu urtean, negu partean gehienbat. Mendialdea eta Paphos eskualdea basoz estalia daude. Mesaoriako ordokiko jalkinezko lurretan lur sailak dira nagusi baina, tarteka, eukalitu, arkazi, altzipres eta pinu zuhaiztiak hazten dira. Iparraldeko itsasbazterrean hosto iraunkorreko zuhaitzak dira nagusi, baina olibondoak, algarroboa, eta limoi arbolak ere badira. Troodos mendietako basoa pinu, haritz nano, altzipres eta zedro zuhaitzez osatua da. Mendialdeko hegoaldeko eta mendebaleko maldetan mahastiak landatu dira. Morphou inguruan laranja sailak ere badira.  v  Biztanleak. Zipretarrak bi etnia nagusitan banatuak daude: grekoak eta turkiarrak; erlijioz kristau ortodoxoak dira grekoak eta musulman sunniak turkiarrak. 1974an Turkiako gudarosteak Zipreko iparraldea hartu zuenean, uharteko greziarrak eta turkiarrak banatu zirenez gero, greziar jatorriko zipretarrak uharteko hegoaldean bizi dira (Zipreko Errepublika) eta turkiar jatorrikoak, berriz, iparraldean (Zipreko Iparraldeko Turkiar Errepublika). Turkiarrak 1571-1878 bitartean uhartea hartu zuten turkiar otomandarren ondorengoak dira. Bestalde, iparraldean Turkiako gudarosteko 30.000 soldadu inguru dira, 4.000 soldadu britainiar Britainia Handiak hegoaldean dituen bi base militar handietan, eta Nazio Batuetako bake-gudarosteko 2.000 bat soldadu. Uharteko baliabide ekonomikoak direla eta, zipretar asko beste herrialde batzuetara joan da lan egitera, batez ere, Ziprek burujabetasuna lortu zuen ondorengo urteetan, Britainia Handira gehienbat. Errepublikako hizkuntza ofizialak grekoa eta turkiera dira; ingelesa ere oso zabaldua dago. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limassol (portua), Larnaka eta Paphos.  v  Ekonomia. Zipreko ekonomia nekazaritzan, merkataritzan eta industrian oinarritzen da; azkenaldi honetan, ordea, zerbitzuek, eta bereziki turismoak, garrantzi handia hartu dute. Hegoaldeak merkataritza harreman gehienak Britainia Handiarekin, Europako Elkarteko beste herrialde batzuekin eta Arabiako herriekin ditu. Iparraldeak, berriz, Britainia Handiarekin eta Turkiarekin. Zipreko matrikula duten itsasontzien kopurua munduko laugarrena da, eta diru-sarrera handiak ekartzen dizkio herrialdeari. 2008ko urtarrilaren 1ean Europar Batasunan sartu zen.  v  Gobernua eta gizartea. 1974. urtean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu zuen eta, 1975ean, zati hori Zipreko Turkiar Estatu Federal bihurtu zen, bere konstituzioarekin. 1983an zati horren burujabetasuna deklaratu zuen (Iparraldeko Zipreko Turkiar Errepublika), Turkiako Errepublikak baino ezagutu ez duena, eta 1985ean konstituzio berri bat hartu zuen. Iparraldeko gobernuak bozketa bidez bost urtez behin hautatzen diren Lehendakaria, Lehen ministroa eta Legebiltzarra ditu. Hegoaldeko zatia da nazioarteko herrialdeek ezagutzen duten Zipreko Errepublika, 1960ko konstituzioan oinarritzen dena. Konstituzio horren arabera Zipreko gobernua lehendakariaz eta Ordezkarien Ganbaraz osatua dago. Ganbarako kideen % 70 greziarrei dagokie eta % 30 turkiarrei, baina gaur egun greziarrek dituzte aulki guztiak.  v  Osasun egoera, oro har, ona da. Zipretarren batez besteko bizi itxaropena 74 urtekoa da gizonezkoentzat eta 78 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntza dohakoa eta nahitaezkoa da 5-12 urte bitartekoentzat. Ez dago unibertsitaterik baina, hegoaldeko zatian, basozaintza, ingeniaritza, erizaintza, enpresa eta irakasle eskolak daude.  v  Historia. Antzina ezagunak ziren uhartearen mea baliabideak: mendietako kobrea erauzi, eta barratan, Mesopotamiara eta Egiptora esportatzen zen. Mea baliabide horiek eta uhartearen kokapen estrategikoak Mediterraneoko ekialdeko herri ahaltsuenen gutiziak erakarri zituzten. Hala, feniziarren, asiriarren, egiptoarren, persiarren eta greziarren mendean egon zen. K.a. 58. urtean Erromako Inperioak hartu zuen; Erromako Inperioa zatitu zenean ekialdeko enperadoreen mendean geratu zen 700 urte baino gehiagotan zehar. 649-965 bitarteko urteetan arabiarrak egon ziren. 1191n, Hirugarren Gurutzadan, Rikardo I.a Lehoi-bihotzak hartu eta Guy de Lusignan frantses nobleari saldu zion. Uhartea Frantziaren eraginpeko erreinu bilakatu zen. 1330 inguruan teutoien Ordenako zaldunek bizitokitzat hartu zuten. Akre edo San Joan Akrekoa galdu ondoren latinoen ekialdeko merkataritza gune nagusi bilakatu zen, eta oso urte oparoak izan zituen. Famagusta garrantzi handiko portua izan zen Egiptoko, Asia musulmaneko eta Indiako salerosketetan; gaur egun baino hiru aldiz biztanle gehiago izan zituen. Zipreko genoar kolonia aberastu zen eta, 1383an, Jakue I.a Zipreko eta Jerusalemgo erregeak genoarrei eman behar izan zizkien Famagusta eta uharteko merkataritza eskubideak. Jakue II.a (1460-1473), genoarren morrontzatik askatzeko, Veneziarekin aliatu zen ezkontza bidez, eta 1489an Veneziaren mendean geratu zen uhartea. 1571n turkiar otomandarrak sartu eta hiru mendez egon ziren aginpidean. 1878an Britainia Handiaren administraziopean geratu zen, turkiar sultanaren baimenarekin, turkiarrek laguntzaren beharra baitzuten errusiarrei aurre egiteko. Baina Lehen Mundu Gerran Turkiak Alemaniarekin bat egin zuenean, Britainia Handiak bere mendean hartu zuen. 1924an Lausanako itunak britainiarren aginpidea berretsi zuen; greziarrek, ordea, ez zuten onartu erabaki hura. 1925ean Britainia Handiaren kolonia bihurtu zen. 1947an Britainia Handiak autonomia proposamen bat bideratu nahi izan zuen, baina zipretarrek ez zuten onartu. Grekozipretarrek Enosis edo «Greziarekin bat egitea ala ezer ez» eskatzen zuen higikundearen aldeko jarrera hartu zuten, Zipreko Eliza ortodoxoaren buru zen Makarios artzapezpikuaren gidaritzapean. Egoera horretan piztu zen gerra zibilak, ordea, Enosis-a ez baina Zipreren burujabetasuna ekarri zuen. Hala ere, Britainia Handiak uhartean zituen base militarrak mantendu zituen. Errepublika berriak lehendakari grekozipretarra (Makarios) eta lehendakariorde turkozipretarra (Kuçuk) zituen. Baina, bien bitartean, uharteko bi komunitateen arteko gatazkak okerrera egin zuen, eta 1964an, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bake-gudarostea bidaltzea erabaki zuen. Geroago, Makariosen jarrera leundu ahala Enosis-en aldekoena gogortu zen. Hala, 1974an Zipreko goardia nazionaleko greziar ofizialek estatu kolpea jo eta Makarios aginpidetik kendu zuten. Greziarren erasoaren aurrean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu zuen. 1975ean, iparraldeko zatia Zipreko Turkiar Estatu Federal bihurtu zen. 1977an Makarios hil zenean Spyros Kyprianou-k hartu zuen hegoaldeko zipretarren lehendakaritza. 1983an iparraldeak burujabetasuna deklaratu zuen, Zipreko Iparraldeko Turkiar Errepublika izenarekin. Nazio Batuek bi eskualdez eta bi komunitatez osatutako estatu federala izateko proposamena egina dute. Eta bien bitartean, Turkiako gudarostea iparraldean egoteak Greziaren eta Turkiaren arteko harremanak galarazi ditu. 2004an, Zipreko Errepublika Europar Batasunean sartu zen kide gisa, eta urte hartan bi herrialdeak berriz batzeko plan bat aplikatu zen, Nazio Batuek bultzatua. Alabaina, grekozipretarren % 76k uko egiten dio erreferendumari. Lehendakaritza hauteskundeetan, 2008ko otsailean, Dimitris Christofias izan zen irabazlea, Zipreko Alderdi Komunistako idazkaria. Haren hautagaitzaren helburuetako bat Zipre berriz bateratzeko negoziazioei berriz heltzea da.