Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ttipi-ttapa

Euskara hutsezko herri aldizkaria. 1981ean kaleratu zen lehen aldiz. Beran du egoitza, eta Ttipi-ttapa fundazioak argitaratzen du. Hamabostekaria da, 7.100 ale argitartzen dira eta 2.000 pezeta kostatzen da urteko harpidetza. 36 orrialde izaten ditu aldizkariak, eta Bortzirietan, Malerrekan, Baztanen, Leitza eta Sara aldean banatzen da. Hasiera batean hiru hilabetekari gisa sortu zen. Lehen alea 1981eko neguan argitaratu zen, offsetez egina, berrogei orrialdekoa eta zuri-beltzean; 400 ale banatu ziren Bortzirietan. Gero, 1989ko udazkenean aldizkariaren egitura goitik behera aldatu zen, eta egitura berria jarri zen abian, hiru langilerekin. 1990eko aldizkariak hamabostekariak ziren eta 1.500 ale argitaratzen ziren; hurrengo urtean berriz, 4.000 ale. 1994an berriro ere aldatu zen, eta 5.600 harpidedun izatera iritsi zen. 1996an aldatu zen azken aldiz aldizkaria.