Tsen Kuo-fan
Txinatar politikaria (Hsiang-hsiang, Honan, 1811 - Nankin, 1872). Defentsa, lan, justizia eta finantza ministerioetako lehendakariordea izan zen. 1852an enperadorearen aginduz gudaroste bat antolatu zuen Taipingdarren matxinadari aurre egiteko. Gudaroste horrek 1854an Yangzi harana, eta 1864an, Nankin hartu zituen eta Taipingdarrak menderatu zituen. 1860tik aurrera gerrak sortutako kalteak konpontzeari ekin zion eta armategiak sortu zituen gudarostea hornitu ahal izateko. 1865ean agintaritza gorena eman zioten Niantarren matxinada zapaltzeko. Zenbaiten ustez, Txinaren batasunari eutsi zion enperadorearen agindupean eta atzerriko nazioen esku-hartzea mugatu zuen, baina beste batzuek eskualde bateko aginpide independientea bultzatu izana eta Europako nazio handiei amore eman izana egotzi zioten, bai eta XX. mendeko “Gerrako Jaunen” aitzindaria izatea ere. Bestalde, neokonfuzianismoaren eragin handia zuten liburuak idatzi zituen.