Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Troia

edo Ilion. (Lat. Ilium) Asia Txikiko antzinateko hiria, Helespontoko kostaldetik hurbil zegoena, Eskamandro eta Hissarlik (antzinako Simois edo Pergamo) ibaien haranak bereizten dituen harrizko muin batean, Dardanelo itsasartetik hurbil. Historikoki Troia greziarrek suntsitu zutela onartua badago ere, Homeroren Iliada kontakizun epikoak bihurtu zuen alegiazko hiri (Troade). Troia zegoen aztarnategiko geruzek Asiako kultura zaharrenetako bat aztertzeko egokiera eskaintzen dute. XIX. mende bukaeran Heinrich Schliemann eta Wilhelm Dörpfeld alemaniar arkeologoek, eta 1930. urteetan Cincinnatiko unibertsitateko arkeologo talde batek eginiko indusketa lanek bederatzi geruza utzi zituzten agerian. Geruza bakoitza gerrek edota uholdeek nahiz suteek suntsitutako beste horrenbeste hiriri dagokio. Lehen bost geruzak, oro har, Lehen Brontze Aroari dagozkio (K.a. 3000-1900 bitartean); hurrengo biak K.a. 1900-1100 bitartekoari, eta zazpigarren geruza Priamoren erresumako hiriburuari eta Homerok Iliada kronika epikoan kantatutako gerren kokaguneari dagokie. Hiria suntsiturik gertatu eta, mende batzuen buruan beste bi herri izan ziren Troian, greziarra eta erromatarra hurrenez hurren, zortzigarren eta bederatzigarren geruzei dagozkienak.  v  Troiako gerra. Herri multzo baten eta Troiako hiriaren artean gertatu zen gerra. Greziarrek Ponto Euxino-ranzko konkistak hasi zituztenean Troiako hiriarekin egin zuten topo. Troia Dardaneloen itsasartearen gainean zegoen eta urre, kobre eta burdin hobi garrantzitsuak zeuden inguruetan. Hala, etsaien jomuga bihurtu zen eta greziarrek konkistatzeko espedizoa antolatu zuten. Troaden eta inguruko uharteetan gertatu zen gerra eta azkenik, K.a. XIII-XII. mendeetan sugur aski, Troiako hiria setiatu eta suntsitu zuten. Tradizio epikoaren arabera Troiako errege Priamoren semeak, Parisek, eragin zuen gerra, Parisek Menelaoren emaztea, Helena, bahitu baitzuen. Buruzagi greziar, akaiar eta eoliarrek bat egin zuten eta Aulisen itsasoratu ziren Troiarantz, Melenaoren anaia, Agamenon, buru zela. Buruzagi hauen artean aipagarriak dira Ajax, Akiles, Diomedes, Ulises, Nestor eta Filoktetes. Troiako buruzagi militar nagusia Hektor zen. Troiako hiriaren gaineko setioa amaitzear zegoela Akiles erretiratu zen eta horrek troiarren garaipena eragin zuen ia. Ondoren Ulisesek, Troiako zaldiaz baliaturik (zurezko zaldi erraldoi batean greziar soldaduak sartu zituen), hirian sartu eta konkistatu zuen, gerra hasi eta hamar urtetara. Troiako kondairari buruzko poema eta kronika ugari idatzi ziren greziarren eta erromatarren garaian eta Erdia Aroan zehar. Erdi Aroan idatzirikoen artean aipagarriak dira Benoît de Sainte-Maure frantsesaren Roman de Troie (1154-1160, Troiako erromantzea) eta Guido delle Colonne siziliarraren Historia destructionis Troiae (1287, Troiako suntsipenaren historia) kronikak; nolanahi ere guztiek Homero-k idatziriko Iliada poema epikoa dute oinarri.