totalitarismo
iz. Gobernu era totalitarioen politika sistema. v Estatu totalitarioen adibideak izan dira Alemania nazia, A. Hitler-en gobernupean (1933-1945) eta Sobietar Batasuneko totalitarismoa, J. Stalinen mende (1924-1953). Bi kasuetan estatuak herriaren erabateko babesa eskuratu zuen bere buruzagiaren bitartez. Baina babes hura ez zen besterik gabe gertatu, komunikabideen eta garraio sistema berrien bultzadaren eraginari esker baizik. Totalitarismoa diktadura, despotismo eta tiraniatik bereizten da, hauek ez bezala, legezko erakunde politiko guztiak desagertarazi eta guztiz berriak diren beste batzuk ezartzen dituelako, eta ohitura politiko eta legezko guztiak baztertzen dituelako. Gainera, estatu totalitarioek helburu jakin bat izaten dute, industrializazioa edo beste herri bat menderatzea, adibidez, eta estatuaren baliabide guztiak horren mende jartzen dituzte. Hasieran, herritarren partaidetza bultzatzen da, eta geroago nahitaez eskatzen da. Indarkeriari baimen ematen zaio eta estatuaren helburua lortzearren, justifikatzen da. Horretarako, polizia lege eta arauetatik kanpo aritzen da. Bestalde, legegintzaren ardura pertsona bakar batean biltzen da.