Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toledo

Espainiako erdialdeko hiria, izen bereko probintziako eta Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoko hiriburua, Tajo ibaiaren ertzean, muino baten gainean, Madrilgo hiriaren hegoaldean, penintsulako meseta edo ordokiaren hegoaldean. 57.200 biztanle. Artzapezpikutegia. Gaztela-Mantxako politika-, administrazio- eta turismogune nagusia da. Egun industria (altzairugintza, eraikuntzarako gaiak, kimika industria, damaskinatuak, janari industria, zeramika) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Garai askotako monumentuak gorde ditu, eta hiri osoa monumentu historiko izendatu dute. Aipagarriak dira, besteak beste, 1226an hasi zuten katedral gotikoa, Elisabet Katolikoaren garaiko San Juan de los Reyes monasterioa, hiriko bi mezkitak, eliza mozarabiarrak, Errenazimentukoak eta barrokoak, Tajo ibaia gainditzen duten Alcantara eta San Martin zubiak, San Servando gaztelua, Cristo de la Vega eliza, hiria inguratzen duten harresiak eta hango ateak (Bisagra, Cambrón), XVI. mendeko Santa Cruz erietxea (arkeologia eta Arte Ederretako museoak biltzen dituena) eta hiriaren gainean dagoen alkazar handia. v Historia. Tito Livio erromatarraren arabera hiri txiki baina sendoa zen K.o. I. menderako. K.a. 193. urtean zeltiberiarrek konkistatu zuten eta Toletum izena eman zioten. Oso denbora laburrean hiria nabarmen hazi zen eta VI. mendean errege bisigodoen hiriburua zen (kontzilio garrantzitsuak egin ziren bertan garai hartan). 712. urtean musulmanek konkistatu zuten eta han izan ziren 1085 arte. Toleitola izena ezarri zioten hiriari; musulmanen agintaldian mairuen, kristauen eta juduen topagune izan zen. 1085ean Gaztelako Alfontso VI.ak konkistatu zuen, eta bere erreinuko politikagune nagusi bilakatu zuen. Gaztelako orduko erregeen tolerantziak hiru kulturen elkar-bizitzea erraztu zuen Toledon eta XIII. mendean Alfontso X.a Jakitunak itzultzaileen eskola sortu zuen han. Erdi Aroan zehar Europako kulturagune nagusietakoa izan zen. 1563. urtean Filipe II.ak Madrilera eraman zituen gorteak eta orduan hasi zen hiriaren gainbehera. Frantsesen aurkako independentziako gerran (1808-1814) kalte handiak jasan zituen, eta baita Espainiako Gerra Zibilean ere (1936-1939).