Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tokelau

Ozeano Bareko ekialdeko uhartedia, Samoa uhartediaren iparraldean, Zeelanda Berriaren administraziopean dagoena. Fakaofu, Nukunonu eta Atafu koralezko atoloiek osatzen dute uhartedia. 10,1 km2 eta 1.800 biztanle (tokelautarrak, 1986). Hiriburua: Nukualofa. Hizkuntza ofiziala: tokelauera. Ingelesa ere oso erabilia da. Tokelauk klima tropikala du, beroa eta euritsua: 28 °C eta 2.500 mm euri urtean. Landare ugariak: kokondoa, bananondoa, papaiondoa, taroa eta Polinesiako beste zuhaitz eta zuhaixkak. Tokelauko biztanleak kulturaz polinesiarrak dira; Samoa uharteetakoekin zer ikusi handia dute. Ekonomia mantenuko nekazaritzan eta abere hazkuntzan (zerriak eta oiloak) oinarritzen da.  v  Historia. Dirudienez, Tokelauko uharteetako lehen biztanleak samoarrak ziren, hizkuntzak zerikusia handia baitu Samoakoarekin. Lehen europarrak XVIII. mendean iritsi ziren. 1841ean, Estatu Batuetako ikertzaileek uharteetako biztanleen ohiturak eta hizkuntza aztertu zituzten. XIX. mendearen erdialdetik aurrera samoar misiolariak heldu ziren, frantsesen eta britainiarren babespean. 1863an, Peruko esklabo salerosleek tokelauar asko bahitu zituzten; gertaera horren eta ondoren izan zen izurritearen ondorioz, uharteetako biztanleria asko urritu zen. 1877an, Fidji uharteetako komisario nagusiari Tokelau uharteen gaineko ardura ere eman zitzaion, eta 1889an, Britainia Handiaren babespean geratu zen. 1916an, uharteei Union Group izena eman zitzaielarik, Gilbert eta Ellice uharteetako koloniaren administraziopean geratu zen. 1925ean, Zeelanda Berriaren administraziopean geratu zen, eta 1948an, Tokelau Uharteak izenarekin, Zeelanda Berriak hartu zuen uharteen gaineko aginpidea. 1977an, Tokelau izena jarri zioten uharteari. Gaur egun, uharteen administrazioa Zeelanda Berriko Kanpo Arazoetako ministerioari dagokio. Uharteek autonomia zabala dute. Udalerri bakoitza Taupulega edo zaharren batzordearen mendean dago. Tapulega-ren barruan Faipule (Zeelanda Berriko administrazioarekiko harremanen ardura duena) eta Pulenuku (herriko buruzagia) bat daude, hiru urtez behin bozketa bidez hautatzen direnak.