Teresa Avilakoa, santa
(Jaiotza izenaz Teresa de Cepeda y Ahumada; Esp. Santa Teresa de Jesús edo Santa Teresa de Avila). Espainiar moja eta idazle mistikoa (Avila, 1515 - Alba de Tormes, 1582). Familia noble bateko alaba zen eta gaztetandik erakutsi zuen erlijiorako jaiera. 1535. urtean bere jaioterriko komentu karmeldarrean sartu zen eta bi urte geroago nerbio-krisi sakona jasan zuen, hamabost urtez izpiritu-krisian eduki zuena. 1558. urtetik aurrera ordea, karmeldarren ordenaren erreforma eta jatorrizko arauen araberako kontenplazio bizitza gogorra eskatzen hasi zen. 1562. urtean, Avilan bertan, San José komentua sortu zuen, karmeldar oinutsen lehen komentua. San Joan Gurutzeko karmeldar gaztearen laguntza izan zuen ordena berria indartzeko. 1575. urtean, karmeldar oinetakodunek eginiko presioak zirela eta, komentu batera erretirau behar izan zuen. Filipe II.aren ekimenei esker 1580. urtean Gregorio XIII.a Aita Santuak onartu egin zuen karmeldar oinutsen ordena. Idazle oparoa izan zen bestalde eta erlijio gaiak erabili zituen beti: Camino de la perfección (1565, Betegintzarraren bidea), Libro de las siete moradas (1577-1578, Zazpi egoitzetako liburua), Libro de las fundaciones (1610, Fundazioen liburua) eta Libro de las misericordias de Dios (1611, Jaungoikoaren urrikalpenen liburua). 1622. urtean egin zuten santa eta 1970. urtean Paulo VI.a Aita Santuak elizako lehen emakume doktore egin zuen.