Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

telefono

iz. Ahotsa distantzian zehar igortzeko behar diren tresnen eta harien multzoa. || Komunikabide horren bidez hitz egiteko tresna. || Telefonoz deitu. Telefonoz deituko dizut.  v  Alexander Graham Bell-ek asmatu zuen lehenengo telefono tresna 1876an. Bi urte geroago lehenengo telekomunikabide sistema jarri zen abian. Telefonoz komunikatzeko, hitz egiten duenaren hots uhinak seinale elektriko bihurtzen dira; ondoren, seinale elektriko bilakatu den energia hartzailearen tresnaraino igortzen da, eta han alderantzizkoa egiten da, hau da, seinale elektrikoa hots uhin bihurtzen da. Mikrofono baten bidez bihurtzen da hots uhina energia elektriko eta entzungailu baten bidez bihurtzen da energia elektrikoa hots seinale. Sare bati lotuak elkarrekin komunika daitezen, telefono zentrala behar da; zenbaki bat sakatzen denean, seinalea telefono zentralera iristen da eta hura erabiltzen ari ez den linea baten bila hasten da sarean automatikoki. Telefono sareak zentral bati lotuta daude, beraz, eta telefono zentralak, aldi berean, beren artean komunikaturik daude; hala, urrutiko leku batera deitzen denean, seinalea zentraletik zentralera (txikitik handiagora) joaten da. Gaur egun satelite artifizialak ere erabiltzen dira telefono seinaleak urrutira eramateko. Telefono zentralen eginkizuna guztiz konplexua da; erabiltzen ari ez diren lineak bilatzeaz gainera, telefonodun bakoitzak egiten dituen deiak eta horien denbora ere kontrolatu behar baititu.