Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sumatra

Indonesiako uhartea, Sondako uharteetako handienetakoa. 473.606 km2 (Indonesiako bigarren uhartea da eremuari dagokionez) eta 31.927.900 biztanle (1984), inguruko uharte txikiak kontuan hartuta. Sumatrako uharteak inguruko uharte txikiekin batera, Indonesiako errepublikako zazpi probintzia osatzen ditu: Sumatra mendebalekoa edo Sumatera Barat; Sumatra hegoaldekoa edo Sumatera Selatan; Sumatra iparraldekoa edo Sumatera Utara; Riau; Atjeh; Bangkahulu eta Lampung. Malakako itsasarteak bereizten du Malakatik (ipar-ekialdean) eta Sondako itsasarteak Javatik (hegoaldean). Ekuatorea igarotzen da uhartearen erditik eta klima ekuatoriala du, bero hezea. Tropikoko oihana da nagusi, eta, landaredia bezala, fauna ere oso aberatsa da. Kautxua, tabakoa, arroza, kopra etab. lantzen dira eta petrolio, eztainu eta ikatz hobi handiak ustiatzen. Sumatra garrantzi handia hartzen ari da, hango portuetatik Asiako gainerako lurraldeekiko salerosketa harremanak indartzen ari diren heinean.  v  Sumatrako historian eragin handia zan dute inguruko herrietako itsasgizonek; indiar eta txinatar itsasgizonek kolonizatu eta budismoa eta sanskritoa zabaldu zituzten lehenik eta arabiar itsasgizonek islamdartu zuten XIII. mendean. XVI. mendean europarrek Sumatraren kolonizazioa hasi zuten; portugaldarrek hartu zuten lehenik eta holandarrek XVI. mendean. Holandarrek Bigarren Mundu Gerra bitartean izan zuten aginpidea, baina 1942-1945 japoniarrek Sumatraren burujabetasuna onartuko zutela agindu eta uhartea menderatu zuten. Aipagarria da urte askotan europarren kolonia izan zen arren higikunde abertzaleei eta matxinadei aurre egin behar izan zietela eta XIX. mendea arte ez zutela erabat menderatu. 1950ean Indonesiako errepublikaren barnean gelditu zen.