Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

suge

iz. Zilindro itxurako gorputz luzea duen narrasti hankarik gabea (Subord. Ophidia). || suge(-)belar. Loreen multzoa hosto handi batez inguratua duena (Arum sp.). || suge(-)ilar. Arto beltza (Fagopyrum esculentum). Usagaria (Nigella sativa).  v  Zool. 11 familia biltzen dira sugeen azpiordenaren baitan; horietan ezagunenak boidoak, kolubridoak, sugegorriak eta elapidoak dira. Pozoi biziena dutenak elapidoak eta sugegorriak dira. Guztira 2.700 bat suge mota ezagutzen dira; horietatik 27 bakarrik bizi dira Europan. Gorputza zilindro itxurakoa, luzea eta hankagabea dute. Neurrian alde handia izan dezakete: tiflopidoen familiako mota batzuk, esate baterako, 30 cm baino laburragoak izaten dira, eta zenbait boa, berriz, 8 m luze izan daitezke. Oro har buruan eta sabelaldean gainerako aldeetan baino ezkata handiagoak dituzte. Batez ere, ezkaten kopurutik eta horien egituratik bereizi ohi dira suge batzuk besteetatik. Oso buru higikorra eta aho zabalkorra dute; bizkarrezurra orno sarriz osatua dute; betazalik ez dute; uzki-zuloa zeharka eratua dute; odol hotzekoak dira, eta negua lozorroan ematen dute hotza den lurraldeetakoek; gehienak arrautzez ugaltzen dira. Ugaztunak, hegaztiak eta, oro har, edozein animalia bizi jan dezakete. Sugeak mundu guztian daude zabalduak, baina mota gehiago dira lurralde epel eta beroetan.  v  Montpellierreko sugea (Malpolon monspessulanus). 2 m inguru luze dena eta kolore horixka eta marroi gorrixka duena. Afrikako iparraldean, Europako hegoaldean eta Asiako mendebalean bizi da. Ugaztun txikiak, txoriak, anfibioak eta narrastiak jaten ditu.  v  Sugeberdea (Coluber viridiflavus). Metro t’erdi inguru luze dena eta kolore beltzarana edo horixka duena. Europako hegoalde guztian bizi da. Edozein ornodun mota txiki jaten du.