Solon
Greziako legegilea eta olerkaria (Atenas, K.a. 640 inguru - 558 inguru). Familia aristokratiko pobre batean sortua zen, baina merkataritzaren bidez aberastu zen. K.a. 594an arkonte hautatu zuten, aginpide politikoa eta lurrak beren esku zituen aristokraziaren eta beren lurrez gabeturiko jabe txikien arteko krisi soziala lehertzear zegoela. Ahalmen bikainez hornitua, gerra zibilaren mehatxuak Greziatik aldenarazi zuen, eta nekazaritza, lege eta konstituzio erreformak ezarri zituen: lurren gaineko hipoteken ezeztatzea, zorrengatiko esklabotasuna legez kontrakotzat jotzea, aministia politikoa, ondorengotzaren legea, etab. Modu horretara, Solonek Atenasko oinarri konstituzionala ezarri zuen, geroko aldaketa demokratikoei irekia zen politika irizpidea finkatuz. Solonen olerkigintza Atenasko lehen literatura dokumentua da, zatiak besterik gorde ez badira ere. Gogapen moralak, bere garaiko politikaren gaineko iritziak eta bere bizitza publikoaren apologia dira olerki horien gaiak. Antzinateko tradizioan zazpi jakintsuetariko bat zen.