soinbera
iz. eta izond. Zool. Animalien erreinuko izen bereko phylum-eko ornogabea. Gorputz biguna eta segmenturik nahiz luzakin giltzaturik gabea dute, gehienek maskor batez babestua. Soinbera baten gorputzean hiru atal nagusi bereiz daitezke: burua (mota batzuetan oso agerikoa ez dena), oina (giharrez eratutako organoa, herrestan ibiltzeko egokitua), eta barrunbeak (bildukin batez eutsiak). Soinbera gehienen bildukinak karakia isurtzen du, gogortzean oskola bihurtzen dena. Nerbio sistema oso berezitasun gutxikoa dute, gongoil eta zuntz batzuez osatua. Arnasketa zakatzetatik bideratzen dute gehienek, uretan bizi direnek; besteek, bareak eta, biriketatik. Zirkulazio sistema ere nahiko berezitasun gutxikoa dute, ez itxia, eta odola gorputzeko beste isurkinekin nahasten da. Arrautzez ugaltzen dira gehienak, baina badira arrautzez eta biziernalkarien modura ugaltzen direnak ere, gasteropodoak, adibidez. 75.000 inguru soinbera mota sartzen dira phylum horretan, eta mota horiek 8 klasetan bildu ohi dira. Klaserik ezagunenak zefalopodoak, gasteropodoak, kusku bikoak eta plakoforoak dira. Besteak beste, barea, barakuilua, txirla eta muskuilua dira soinberak.