Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sismografo

iz. Geol. Lurrikara baten iraupena, ordua, handitasuna eta beste ezaugarri batzuk neurtzeko eta erregistratzeko tresna. Sistema elastiko batek orekan mantentzen duen masa baten inertzian oinarritzen da. Masa horrek nabari dituen higidurak erloju sistema batek eraginda dabilen zilindro batean jasotzen dira (lehen luma batez, gaur egun argazki bidez lortutako erregistroz). Sismografoetan lortzen diren seinaleen zabaltasuna handi daiteke sistema mekanikoz, optikoz, elektronikoz edo elektromagnetikoz. Gaur egun azken sistema hau erabiltzen da gero eta gehiago: masaren higidurak korronte elektriko bihurtzen dira eta galbanometro batek neurtzen ditu. Lehenengo sismografo zientifikoak 1879an egin zituen J.A. Ewing-ek.