Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siqueiros, David Alfaro

Mexikar pintorea (Chihuahua, 1898 - Cuernavaca, 1974). Alfredo Ramos Martínez pintorearen eskolan ikasi zuen. Orozco eta Rivera mexikar muralistek bezala Mexikoko iraultzan esku hartu zuen. 1921ean, aurreko biekin batera, arte iraultzailearen agiria sinatu zuen; arte proletarioaren teorilari nagusietakoa izan zen. 1935ean lantegi bat sortu zuen Estatu Batuetan. Espainiako Gerra Zibilean armada errepublikarreko ofiziala izan zen. Bere ideiak zirela eta kartzelan eta erbestean izan zen zenbait aldiz. Bere garaiko estetika modernoaren aurka egon zen; Colonen aurreko artearen moldeak beretu nahi izan zituen, haietan oinarriturik gizartearen arazoen eta nahikundeen adierazpena izan behar zuen artea garatzeko. Pintura errealista defenditu bazuen ere, Siqueiros-ek ez zuen bere obra errealismo sozialista sobietarrak zehazturiko arauetara mugatu. Bere lanetan kolore biziak, kontraste handiko argi-ilunak, lirikotasuna eta inpresionismoaren eragina dira aipagarri, eta errealismoak eta irudimenak bat egiten dute. Mexikon ez ezik beste herrialde batzuetan ere egin zituen muralak, hala nola Txilen (1939, Muerte al invasor) edo Kuban (1943, Arraza berdintasunaren alegoria); Estatu Batuetako museoetan ere zenbait obra ditu: Filadelfian, Erraldoiak, (1932); New Yorken, Kexu baten oihua (1937) eta Etnografia (1939). Obra gehienak, ordea, Mexikon dira, besteren artean munduan egin den pintura muralik handiena (4.500 m2), Gizadiaren Historia (1966an egina). Beste zenbait lan: Sutea (1939); Traizioaren aurpegia (1947); Cuhautemoc-en apoteosia (1951).