Serna, Assumpta
Katalan antzezlea (Bartzelona, 1957). Kataluniako familia burges batean sortu zen. Zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina ikasketa haiek utzi eta Antzerki Institutuan izena eman zuen. Zinemako antzezle gisa Francesc Bellmunten La orgía filmean egin zuen debuta. 1981ean arrakasta handia izan zuen Alberto Bermejoren Vecinos lanean egindako interpretazioagatik, eta ondoren Saurak deitu zion Dulces horas filmean parte har zezan; film harekin kritika bikainak lortu zituen Espainiako prentsaren aldetik. Baina bere karreran berebiziko garrantzia izan zuen Pedro Almodóvar zuzendariarekiko elkarlanak. Lehenenik paper txiki bat egin zuen Pepi, Luci y Boom y otras chicas del montón filmean, eta gero protagonista papera eskaini zion Matador lanean. Harrezkero nazioarteko zinemagintzan jardun zuen. Asmo horrekin aldatu zen Parisa, eta atzerrian zenbait film egin ondoren Espainiara itzuli zen berriro. 1992an Pedro Olearen El maestro de esgrimako protagonista izan zen (Oscar sarietarako hautatu zuten film hura). Telebistarako ere lan egin izan du.