Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

serbo-kroaziera

(Serbo-kroazieraz srpskohrvatski jezik). iz. Hegoaldeko eslaviar hizkuntza, Serbia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Montenegroko hizkuntza ofiziala eta nagusia. Kroaziera eta serbiera dira hizkuntza molde nagusiak; alabaina, hiztegiko bereizkuntza txiki batzuk kontuan hartzen ez badira, hizkuntza bera direla esan daiteke. Arrazoi historikoengatik, ordea, zeinek bere idazkera erabiltzen du: alfabeto latinoa kroaziar katolikoek eta zirilikoa serbiar ortodoxoek. XII. mendekoak dira serbo-kroazieraz idatziriko lehen testu ezagunak. Eslavoniar eliza ortodoxoaren hizkuntza moldea erabili zen XVII. mendea arte literaturan, eta XIX. mendean guztiz nagusitu zen shtokaviar dialektoa, Vuk Stefanovitx Karadzitx idazle eta etnografoaren (1787-1864) ekimenari esker. Txakaviar dialektoa erabiltzen da ipar-mendebalean eta kajkaviar dialektoa Kroaziako iparraldean.