Seoane, Luis
Galiziar pintorea, poeta eta saiakeragilea (Buenos Aires, Argentina, 1910 - Coruña, 1979). Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean Buenos Airesera erbesteratu zen eta Argentinan bertan argitaratu zituen lehen idazlanak: Fardel de eisiliado (1952, Erbesteratuaren fardela), Na brétema Sant-Yago (1959, Santiago lainopean), As cicatrices (1959, Orbainak) eta A maior abondamento (1972). Castelao artista (1969) eta Comunicaciones mezcladas (1973, Komunikazio nahasiak) obretan bildu zituen saiakera garrantzitsuenak. Artista iaioa (pintorea, horma-pintura egilea, zeramikagilea eta aldizkari sortzailea) izan zen bestalde, eta Isaac Díaz de Pardorekin batera Galiziako formen laborategia eta Maside museoa (gaur egungo artea biltzen duena) sortu zituen. Azken urteetakoak dira Bestiario (1976), Imágenes celtas (1977, Zeltiar irudiak) eta Imágenes de Galicia (1978, Galiziako irudiak) idazlanak.