Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sassari

Italiako hiria eta izen bereko probintziako (7.520 km2 eta 450.000 biztanle) hiriburua, Sardiniako uhartearen iparraldeko kostaldetik hurbil. 121.000 biztanle. 1562. urtean sorturiko unibertsitatea. Nekazaritzako merkataritza gunea da, eta lurpeko aberastasunen ustiapena (zink eta berun hobiak) eta nekazaritza gaien inguruan sorturiko industria (janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Petrolio findegiak daude hiritik hurbil. Monumentuei dagokienez, aipagarriak dira aurrealde barrokoko katedrala, Santa Maria di Betlem eta Santa Donata eliza erromanikoak eta Sanna arkeologia museo nazionala. v Historia. Thatari izena zuen Erdi Aroan, eta Pisako hiriaren mende zegoen XI. mendean. XII-XIII. mendeetan hiria laster hazi zen eta udal foruez gobernatzeko baimena jaso zuen. 1284-1323 urteetan genoarren esku egon zen, Aragoiko Jaime II.ak konkistatu zuen arte, hain zuzen. 1718. urtean Savoiako etxearen mende zen Sardinia guztia bezala. Kalte handiak izan zituen Bigarren Mundu Gerran.