Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sargon IIa

Asiriako erregea K.a. 722-705 urteetan. Bere anaia Salmanasar V.aren ondorengo izan zen. Salmanasar V.aren agintaldian Tiglat-Pileser III.ak bereganatutako lurralde batzuk galdu ziren, Babiloniak independentzia lortu zuelako eta Siria eta Palestinako iparraldean egiptoarrek bultzaturiko matxinadak izan zirelako. Sargon II.ak, ordea, 720. urtean egiptoarrak garaitu zituen Qarqar-en, eta eskualde hura baketzea lortu zuen. Iparraldera begira jarri zen ondoren eta Urartu-ko erresumaren aurkako erasoak egin zituen, Asiriako etsaia baitzen. K.a. 714. urtean Ziliziara jo zuen (Turkia izango zenaren hego-ekialdeko lurraldea), estatu hitita berriak menderatu zituen eta Zipre inbaditu. Asiriarren ohiturei jarraituz, lurralde horietako biztanleak erbesteratu edo mugetara bidali zituzten balizko inbasioen aurrean ezkutu gisa erabiltzearren. 709. urtean Babilonia inbaditu zuen, eta Sargon II.a hango errege egin zuten. Maila handiko militarra izateaz gainera, erresumako egitura administratiboa zuzendu zuen eta ingeniari lan handiak bideratu zituen konkistaturiko lurraldeetan. Jauregi handiak eraiki zituen Calach-eko hiriburuan (Nimrud) eta Dur Sharrukin-go (Jorsabad) hirian.