Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santurtzi

Bizkaiko kostaldeko udalerria (Ezkerraldea). Mugak: iparraldean, Bilboko Abra; ekialdean, Portugalete; mendebalean, Abanto-Zierbena eta hegoaldean, Ortuella. Garaiera, 6 m. 6,77 km2. 1997ko datuen arabera, 49.419 biztanle (santurtziarrak). Auzo nagusiak: Santurtzi, Granada eta El Villar. Hizkuntza banaketa 1996an: 5.387 euskaldun, 10.210 ia-euskaldun eta 33.588 erdaldun. Santurtzi arrantza portua izan bada ere (sardina), gaur egun Bilboko portuaren jarraipena baizik ez da. Industrian (eraikuntza, makineria, altzairugintza, industria kimikoa, elektrizitatea, zurgintza, janari industria; langileen % 58) eta zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak, aduanetako administrazioa, garraioak, biltegiak; langileen % 38) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia. Aipagarriak dira San Jorge eliza eta udaletxea.  v  Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Santurtziko herria (Sant Yurdie, San Jorge, Santuye, Santurce). Udal bakarra osatu zuen Santurtziko herriak Trapaga eta Sestaokoarekin XIX. mende hasiera arte. XIX. mendea arte herri arrantzalea izan zen, baina industrializazioak eta burdinbidearen etorrerak (1892) guztiz eraldatu zuten santurtziarren bizimodua eta demografia hazkunde izugarria izan zen: 7.781 biztanle 1900. urtean (Santurtzik eta Ortuellak udalerri bakarra osatzen zuten); 4.646 biztanle 1920an; 8,466 biztanle 1940an; 25.570 biztanle 1960an; 52.761 biztanle 1975. urtean, eta 52.502 biztanle 1986an.