Santa Cruz de Tenerife
Kanarietako uhartediko hiria eta portua, izen bereko probintziako hiriburua, Tenerifeko uhartearen ipar-ekialdean, Anaga mendien eta Ozeano Atlantikoaren artean. 221.660 biztanle (350.000 biztanle inguru ditu Santa Cruz de Tenerife-La Laguna-El Rosario hirialdeak). Nazioarteko aireportua. Tenerifeko uharteko administrazio eta merkataritza gune nagusia da, eta oso garrantzitsua da, halaber, portuko jarduera. Bigarren mailan gelditzen da industria (petrolio findegiak, janari industria, kimika industria, tabakogintza, eraikuntzarako gaiak), baina azken urteetan gorakada handia izan du turisten kopuruak. Monumentuei dagokienez, aipagarriak dira 1752. urteko Carta-tarren jauregia (molde flandestar-mudejarrean egina), San Frantzisko komentu zaharrean egokitutako udal museo etnografikoa eta Sorkundearen eliza (1652. urtean berritua). v Historia. 1494. urtean sortu zen Santa Cruz de Tenerifeko lehen herrigunea. Arrantzale herri txiki bat baizik ez zen hasieran. XVI. mendean 800 lagun bizi ziren han eta harresiak eraiki zituzten herriaren inguruan. Filipe II.ak San Kristobal gaztelua eraikiarazi zuen hiria eta portua babestearren, espainiar itsas ontziteriaren Ameriketarako geltokia baitzen. Maiz eraso zioten gazteluari kortsariek eta itsas-armada ingelesek eta holandarrek (Blake, 1657; Jenings, 1706; Nelson, 1797). XIX. mendean zehar lehian egon zen Las Palmas-ko hiriarekin Santa Cruz de Tenerifeko probintziako hiriburua izateko. XIX. mende bukaeratik aurrera, bestalde, ingeles eta alemaniar koloniak sortu ziren hirian.