San Adrian
Nafarroako hegoaldeko udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea), Ebro eta Ega ibaien bilgunean. Mugak: iparraldean, Andosilla; ekialdean, Azkoien; mendebalean Calahorra (Errioxa); hegoaldean, Azagra. Garaiera, 324 m. 13,36 km2. 1999ko datuen arabera, 5.392 biztanle (sanadriandarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Industria (janari industria, kontserbak, altzairugintza, eraikuntza; langileen % 60), zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 25) eta nekazaritza (barazkiak, fruitu arbolak, garia, garagarra, mahatsa; langileen % 15) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XI. mendeko San Adrian eliza (XVI. mendean zaharberritua), XX. mendeko San Adrian parrokia berria, XVII. mendeko jauregia eta etxe barrokoak. v Historia. 1084. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz San Adriango herria. 1837. urtean bihurtu zen udalerri.