Salaberri Zunzarren, Pedro
Nafar pintorea (Iruñea, 1947). 1963tik 1968ra Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta 1973an lehenengo saria eskuratu zuen Ciudad de Pamplona lehiaketan. Urte berean egin zuen bere aurreneko bakarkako erakusketa Iruñean bertan. Ordutik aurrera, Donostia, Gasteiz, Bilbo, Santander, Zaragoza eta Madrilen erakutsi ditu bere lanak. 1975ean, Gasteizen eta Sevillan eratutako erakusketa bitan, hamarkada hartan Iruñean lanean ziharduten hainbat margolariren lanak aurkeztu ziren elkarrekin. Pedro Salaberriren margolanekin batera, besteak beste, Mariano Royo, Pello Azketa, Pedro Manterola, Javier Morrás edota J. Antonio Eslavaren lanak aurkeztu ziren. Urtebete lehenago, 1974an, José María Moreno Galvánek Triunfo aldizkarian idatzitako artikulu batean hasi zen Escuela de Pamplona izena zabaltzen Iruñean lanean ari zen artista taldea izendatzeko, eta urteek aurrera egin ahala hedatu egin da deitura hori. Salaberrik Arco 95ean parte hartu zuen, eta, bi urte geroago, Paisajes de un Siglo izeneko erakusketa kolektibo ibiltarian parte hartu zuen.